Mundua -

Estatu Islamikoari erantzuna

Jordaniak bi jihadista akabatu ditu, pilotuaren hilketari erantzunez

Ammanek Sayida al Rishawi, Estatu Islamikoak askatzeko eskatu zuen presoa, eta Al-Qaidako beste bat urkatu ditu.

Sayida al Rishawi presoa. EFE
Sayida al Rishawi presoa. EFE
Estatu Islamikoak su eman dio bahituta eduki duen pilotu jordaniarrari

1:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jordaniako Gobernuak bi preso jihadista hil ditu gaur, eguna argitzearekin batera, Estatu Islamikoak (EI) gatibu zuen pilotu jordaniarra bizirik erre duela erakusten duen bideoa kaleratu eta ordu batzuetara. Urkamendian hildako bat Sayida al Rishawi da, EIk askatzeko eskatu zuen presoa.

Al Rishawirekin batera, Ziad al Karbuli Abu Musab al Zarqawi Al-Qaidako buruzagi izandakoaren laguntzailea hil du Ammanek. Bi presoak Suwaqan urkatu dituzte, Jordaniako hiriburutik 70 kilometro hegoaldera dagoen espetxean.

Al Rishawi aske uztea eskatu zuen Estatu Islamikoak gatibu zituen Kenji Goto kazetari japoniarra aske uztearen eta pilotu jordaniarra bizirik mantentzearen truke. Goto larunbatean hil zuen talde jihadistak.

Ostegunean bertan behera geratu ziren Jordania eta Estatu Islamikoaren arteko negoziazioak. Al Rishawi presoa askatzeko, Kasasbeh pilotua bizirik zegoela egiaztatzeko froga eskatu zion Ammanek muturreko taldeari. EIk ez zuen halakorik egin, eta Jordaniak ez zuen presoa aske utzi.

Pilotua bizirik erre dutela erakusten duen bideoa kaleratu ostean, Jordaniak gogor erantzungo duela ohartarazi du eta "kriminaltzat" jo ditu Estatu Islamikoko kideak. Abdala II.a erregea AEBn zegoen, bidaia ofizial batean, baina Ammanera itzuli da.

Al Rishawi aske uzteko eskaera, aspaldikoa

Al Rishawi 2005ean kartzelatu zuten, Ammango hiru hotelen kontrako atentatu batean parte hartzea egotzita. 60 lagun hil ziren erasoan.

Ekintzaile jihadistak berak aitortu zuenez, haren senarrak zartarazi zuen aldean zuen lehergailua. Berak, ordea, ezin izan zuen leherrarazi. Aspaldikoak dira Al Rishawi aske uzteko Al-Qaidak eta Estatu Islamikoak egindako eskaerak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Estatu Islamikoa Jihadismoa albisteak Eguneko albisteak Albisteak Ekialde Hurbila gaur Jordania