Mundua -
Naufragio
Hamasei urteko kartzela-zigorra, Costa Concordiaren kapitainari
Homizidioagatik, itsasontzia uzteagatik, naufragioagatik eta portuko agintariei istripuaren berri ez emateagatik zigortu dute.
Erredakzioa
Italiako auzitegi batek 16 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Francesco Schettino Costa Concordia kruzeroaren kapitainari, 2012ko naufragioaren errudun izatea leporatuta. 32 pertsona hil ziren ezbeharraren ondorioz.
Zazpi orduz eztabaidatu ostean, Giovanni Puliatti epaileak zigorraren berri eman du. Fiskaltzak 26 urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra eskatzen zuen.
Homizidioagatik, itsasontzia uzteagatik, naufragioagatik eta portuko agintariei istripuaren berri ez emateagatik zigortu dute.
Era berean, bost urte eta sei hilabetez itsasontziko komandante izatea debekatu diote, eta ezingo du kargu publikorik izan bizitza osoan.
Francesco Schettinok eta Costa Concordia enpresak, arduradun zibil gisa, kalte-ordaina eman beharko diete Toscana eskualdeari, ministerio batzuei, Italiako Babes Zibilari eta Giblioko Udalari, bertan hondoratu baitzen ontzia.
Hondoratzea 2012ko urtarrilaren 13ko gauean izan zen, 4.229 bidaiari zeramatzan Costa Concordiak Giglio pareko kosta jo zuenean. 32 pertsona hil eta 64 zauritu ziren.