Mundua -

Erresuma Batuan

Tratamenduari uko egiten dioten gizenek diru-laguntzak gal ditzakete

Cameronek iragarritako planaren arabera, gizentasun arazoa duten eta tratamendu medikuari uko egin dioten langabeek diru-laguntza sozialak gal ditzakete.

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa. Argazkia: EiTB
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa. Argazkia: EiTB
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Loditasun arazoa duten eta osasun-tratamenduari uko egin dioten langabe britaniarrek diru-laguntza sozialak gal ditzakete, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak iragarritako proposamenaren arabera.

Gobernu britaniarreko buruak proposamena helarazi dio Osasun Ministerioari, "tratamendua jaso dezaketen" pertsona gizenen, alkoholzalen eta drogazalen irizpideak zehaztu ditzan. Ondoren, horietan oinarrituta, Estatuko diru-laguntza galduko lituzketenak ezarriko luke Gobernuak.

"Batzuek alkoholarekin edo drogarekin arazoak dituzte, baina tratamendua errefusatzen dute. Beste kasu batzuekin, artatu ditzakegun loditasun-arazoak dituzte, baina horren ordez, laguntzetan oinarritutako bizitza erosoa nahiago dute", azaldu du Cameronek.

Lehen ministroarentzat, "ez da bidezkoa lan eskerga egiten duten zergadunei pertsona horien laguntza soziala ordaindu dezatela eskatzea".

Erresuma Batuko hauteskunde orokorrak izateko hiru hilabete falta direla, Cameronek esan duenez, "bizitza duina izateko biztanleei Estatuko babesik handiena eskaintzeko erabaki irmoa daukat".

Carol Black Osasun Ministerioaren aholkulariak proposamena aztertuko du. Haren esanetan, "diru-laguntzak eskatzen dituzten herritar horiek erronka bereziak dituzte, eta horiei erronkei aurre egin behar diegu". "Denbora luze daramate arazo horiekin, eta lan mundutik at daude gainera, gizartean funtsezkoa dena", esan du Blackek.

Erresuma Batuan 2,5 milioi lagunek jasotzen dituzte Estatuko diru-laguntzak. Horietatik % 60k bost urte baino gehiago darama gaixotasunengatik laguntza horiek jasotzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak David Cameron bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Dirulaguntzak Euskadin