Mundua -
Argentina
'Gorrotoa, iraina, doilorkeria eta kalumnia, beraientzat uzten ditugu'
Argentinako presidentea oposizioari zuzendu zaio, Fiskaltzak bera inputatu ostean egindako lehenengo adierazpenetan.
Erredakzioa
Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidenteak mezua bidali dio oposizioari, ustez, AMIAren kontra atentatuko arduradunak estaltzea egotzita, inputatua izan eta gero egindako lehen adierazpenetan. "Gorrotoa, iraina, doilorkeria eta kalumnia beraientzat uzten ditugu", adierazi du.
Fernandez de Kirchnerrek mezu labur bat idatzi du gaur Facebookeko haren profilean eta, zeharka bada ere, haren aurkakoei mezua bidali die. Hala ere, ez dio zuzenean aipamenik egin Gerardo Pollicita fiskalak Argentinako presidentea inputatzeko egindako eskariari.
"Badakizue? Gorrotoa, iraina, doilorkeria eta kalumnia, beraientzat uzten ditugu", idatzi du aste honetako argazki batez lagunduta.
"Gu honekin guztiarekin gelditzen gara: haur bakoitzeko esleipen unibertsalarekin, erretiroekin, berdintasunezko ezkontzarekin, eskubideen gehitzearekin, la hitzarmenekin, gutxieneko soldata onenarekin, industria nazionalarekin, eta azpiegituretan, hezkuntzan eta unibertsitatean egindako inbertsioekin", gaineratu du.
Fernandez de Kirchner ostiralean abiatu zen El Calafatera, oporretako bere ohiko lekura, eta bertan izango da otsailaren 19ra arte.
Argentinako fiskalek Fernandez inputatzea eskatu zuen prokuradorea babestu dute
Cristina Fernandez eta haren kolaboratzaileak inputatzea eskatu zuen fiskalaren lankideek babesa agertu diote, eta Argentinako Gobernuaren "etsaitasuna" kritikatu dute; izan ere, kolpismoa egotzi dio Botere Judizialari.
Argentinako fiskalek Gerardo Pollicita fiskalaren erabakia babestu dute; izan ere, Daniel Rafecas epailearen aurrean instrukzio eskaria egin zuen Alberto Nisman fiskal zenak egindako salaketaren auzian. Alberto Nisman fiskala urtarrilaren 14an hil zen, salaketa aurkeztu eta lau egunera, buruan tiro bat jasota, oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko.
Nisman AMIAren kontrako atentatuaren auziko fiskal berezia zen eta Fernandezi ustezko egileak estaltzea egotzi zion. Aipaturiko atentatuan (1994) 85 pertsona hil ziren.