Mundua -

Kopenhageko atentatuak

Bi lagun atxilotu dituzte atentatuen egileari laguntzea egotzita

Erasoen ustezko egileari armak eta aterpea ematea egotzi die Poliziak.

Bi atxilotu Danimarkan, erasogileari laguntzea egotzita

1:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi lagun atxilotu dituzte Danimarkan azken orduetan larunbatean Kopenhagen erasoak egin zituen gizonezkoari laguntzea egotzita. Atzo, herrialde horretako Poliziak 22 urteko gizonezko bat hil zuen, tiroketen egilea zelakoan. Hain zuzen ere, erasoetan bi lagun hil eta bost polizia zauritu ziren.

Kopenhageko Poliziak jakinarazi duenez, igandean, 07:14an eta 13:50ean (GMT), hartu dituzte atxilo biak, baina ez dute bestelako informaziorik eman.

"Krudttøndengo eta Krystalgadeko (kultur etxea eta sinagoga dagoen kalea, hurrenez hurren) atentatu armatuen egileari hitzez eta ekintzez laguntzea egotzita atxilotu dituzte bi gizonezkoak", esan du Poliziak ohar labur batean.

Tiroketak egiteko erabilitako armak ematea eta atentatuen ostean aterpea eskaintzea egotzi nahi diete biei, horien abokatuak Danimarkako hedabideei jakinarazi dienez.

Atentatuaren ustezko egilearen mugimenduak zehazteko laguntza eskatu du Poliziak. Bi atentatuen artean zortzi ordu igaro zirenez, gizona ikusi zuten lekukoen bila dabil.

Hala, Danimarkako hainbat leku miatu dituzte azken 24 orduetan, besteak beste, gaztea tirokatu zuten lekutik metro eskasera dagoen ziberkafetegi bat. Bertan, atxiloketak egin dituztela zabaldu dute komunikabideek, baina Poliziak ez du berria baieztatu.

Charlie Hebdo-ren kontrako atentatuak inspiratuta

Poliziak ez du argi zer dela eta egin zituen atentatuak erasotzaileak, baina kutsu jihadista dutela uste du. Are gehiago, Danimarkako Inteligentzia Zerbitzuaren (PET) aburuz, Parisko atentatuek inspiratuta jokatu zuen gazteak. "Ezin dugu ezer zehatz esan, baina baliteke Parisko erasoek eta eskuin muturreko taldeek inspiratuta jokatu izana", esan du Jens Madsen PETeko buruak.

Agintariek ez dute egilearen nortasuna baieztatu. DR telebista publikoaren arabera, baina, Omar Abdel Hamid El Hussein da tiratzailea. Frantziako atentatuen kasuan gertatu bezala, europarra zen jaiotzez, danimarkarra, eta zigor-aurrekariak zituen (bi urteko espetxe-zigorra bete zuen, labana batekin eraso bat egiteagatik).

Asteburuko bi atentatuak Kopenhagen egin zituen. Lehena, kultura-etxe baten aurka, eta bigarrena, sinagoga baten kontra. Lehen zentroan, Lars Vilks artista suediarra hitzaldi bat eskaintzen ari zen. 2007tik babes ofiziala du, Mahoma txakur bat balitz bezala margotu zuelako. Eraso horretan, pertsona bat hil zuen eta hiru polizia zauritu. Horren ostean, erasotzaileak sinagoga bat tirokatu zuen, eta pertsona bat hil eta bi agente zauritu zituen bertan.

Danimarka, jomuga 2005etik

Helle Thorning-Schmidt Danimarkako lehen ministroaren esanetan, atentatuek "adierazpen askatasuna" izan dute helburu, eta "borroka", Mendebaldearen eta Islamaren artekoa baino gehiago, "askatasunaren eta ideologia ilunen artekoa" dela esan du.

Danimarka eskuin muturreko talde armatuen helburu da 2005etik. Izan ere, urte horretan, Jyllands-Posten egunkariak Mahomaren karikaturak publikatu zituen, eta, ondorioz, krisia sortu zen mundu islamikoarekin.

Harrezkero, kazeta horren egoitzaren eta Kurt Westergaard marrazkilariaren aurkako hainbat atentatu egiten saiatu dira, baina Poliziak galarazi egin ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea