Mundua -
Hego Afrikan
Sute batean harrapatutako 486 meatzari erreskatatu dituzte
Meatokia kudeatzen duen enpresak jakitera eman duenez, meatzari guztiak onik daude, eta ez da zauriturik izan. Mantentze-lanak egiten ari zirela piztu da sutea.
Erredakzioa
Hego Afrikako meategi batean harrapatuta geratu diren 486 meatzari erreskatatu dituzte igande honetan, Harmony Gold meatokia kudeatzen duen enpresak jakinarazi duenez.
Twitterren bidez azaldu duenez, erreskate-taldeak langile guztiak erreskatatu ditu, eta inor ez da zauriturik izan. Gainera, larrialdiei aurre egiteko taldeei eskerrak eman dizkie egindako lanagatik.
"Denak onik daude", baieztatu dio Harmony Gol enpresako bozeramaileak Sapa albiste agentzia hegoafrikarrari.
Meategia Carletonvilleko udalerritik gertu dago, Johannesburgoko mendebaldean, eta bertan 486 pertsona ari ziren lanean. Dirudienez, mantentze-lanak egiten ari zirela piztu da sutea, itsasoaren mailatik 2.300 metrora, meategiaren 75. mailan, 09:40ak aldera (7.40 GMT).
Enpresak ezbeharraren zergatiak argitzeko ikerketa bat egingo duela iragarri du.