Mundua -
Uruguai
Tabare Vazquezek Uruguaiko presidente karguaren zina egin du
Tabareren bigarren agintaldia izango da, izan ere, 2005etk 2010era bitartean herrialdeko presidente izan zen. Orain, Jose Mujikaren tokia hartuko du.
Erredakzioa
Tabare Vazquezek Uruguaiko presidente karguaren zina egin du igande honetan. Tabareren bigarren agintaldia izango da, izan ere, 2005etk 2010era bitartean herrialdeko presidente izan zen. Orain, Jose Mujikaren tokia hartu du eta Mujika bere gobernu berriaren "erreferente" izango dela aipatu du.
"Eman didaten kargua ohorez betetzeko eta Errepublikako Konstituzioa zaintzeko eta babesteko konpromisoa hartzen dut", zin egin du Vazquezek haren kargu hartze ekitaldian.
"Duela hamar urte, Botere Legegilearen Asanblada Orokorrari zuzendu nintzaion Uruguaiko presidente gisa. Gaur, bizitzak bigarren aukera bat eman dit", adierazi du bere hitzaldian.
Karguaren zina egin aurretik, Tabare Vazquezek haren gobernuaren ildo orokorrak iragarri ditu, zeinak dezentralizazioan eta politika publiko eta gizarte politiketan oinarrituta egongo diren.
Presidente berriak hauteskundeak bigarren itzulian irabazi zituen, botoen % 56,5 eskuratuta eta zentroko hautagaiari 13 puntuko aldea aterata. Kanpainan, aurreko bi legegintzaldietan abiatutako gizarte politikei eusteko konpromisoa hartu zuen.
Bestalde, Tabare Vazquezek Jose Mujikak onartutako neurriak egonkortu beharko ditu, besteak beste, abortuaren eta homosexualen arteko ezkontzen legeztatzea, marihuanaren kontsumoa arautzea eta Siriako errefuxiatuak eta Guantanamoko preso ohiak hartzea.
Uruguaik duela urtebete legeztatu zuen marihuanaren ekoizpena eta salmenta, baina herrialdeak legea inplementatzeko arazoak izan ditu. Beraz, Tabare Vazquezek gai horri heldu beharko dio.
Bestalde, nazioarteko ordezkaritza zabala izan da gaur Montevideon, tartean, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia eta Juan Carlos I.a Espainiako erregea.