Mundua -
Frantzia
Lau pertsonaren bila ari dira Parisen, droneen hegaldiengatik
Azken asteetan, legez kanpoko dozenaka hegaldi ikusi dituzte Frantziako hiriburuan.
Erredakzioa
Frantziako Polizia lau pertsonaren bila ari da, azken asteetan drone batzuek Parisko zeruetan legez kanpo egin dituzten hegaldien erantzule direlakoan, France Info irrati kateak jakinarazi duenez.
Lau pertsona horiek barruan piloturik ez duen hegazkin txiki bana urrunetik gidatzen aritu ziren atzo Parisen, eta lekukoek Polizia ohartarazi zuten. Agenteak lau kilometroan ibili ziren susmagarrien atzetik, baina ihes egin zuten.
France Inforen arabera, orotara zazpi drone ikusi dituzte bart Parisen, gehienak hiriburuaren ekialdean.
Aurreko gauean ere aparatu horietako bat ikusi zuen jendarme batek Errepublikako plazan.
Azken asteetan, hamaika hegaldi atzeman dituzte Parisen; horietako asko, segurtasun neurri zorrotzak dituzten eremuetan, zentral nuklearren inguruan, kasu.
Hori horrela, gertatutakoa "oso serio" hartzen duela ohartarazi du Frantziako Gobernuak, eta jende asko dagoen lekuetan horrelakoak erabiltzea debekatuta dagoela gogorarazi du.
Gainera, Parisko aire espazioa baimenik ez duten ibilgailu guztientzat dago itxita, 1948tik.