Mundua -

Obamari erantzuna

Madurok Obamari: 'Inoiz jaso dugun erasorik larriena da hau'

Obamak Venezuelako zazpi goi-kargudunen aurka isunak jarriko dituela iragarri zuen atzo, eta “larrialdi egoera” ezarri zuen, Venezuelan duten egoera, AEBren ustez, arriskutsua delako.

AEBk zigortuetako bat Barne ministro izendatu du Madurok

01:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBk zigortutako Gustavo Gonzalez Lopez militantea Venezuelako Barne, Justizia eta Bake ministro izendatzea erabaki du Nicolas Maduro presidenteak, Barack Obamak iragarritako neurriei erantzuteko.

Obamak Venezuelako zazpi goi-kargudunen aurka isunak jarriko dituela iragarri zuen atzo, eta “larrialdi egoera” ezarri zuen, Venezuelan duten egoera, AEBren ustez, “arriskutsua” delako.

Madurok berehala erantzun dio Obamari, zigortuetako bat Barne, Justizia eta Bake ministro izendatuz. "Horrela, AEBk egindako kondekorazioarekin batera, herrialde honetako barne-segurtasuna eta bakea bermatuko ditu pertsona horrek”, esan du Madurok Miraflores Jauregian egindako adierazpenean.

AEBko Gobernuaren aburuz, zigortutako zazpi goi-kargudunek harremana dute Venezuelan ematen diren Giza Eskubideen urraketekin.

Erabaki horrekin, inoiz eman duen pausorik “erasokorrena” eman duela esan dio Madurok Obamari.

“Obama, zuk onartutako Lege hau ‘Frankenstein’ bat, munstro bat, besterik ez da. Hainbatek egindako ekarpenekin osatutako legea da: Altxorrak, Estatu Sailak, CIAk, NSAk eta hemengo eskuinak lagundu dute”.

Hala ere, “herri honen subiranotasunaren defentsak” une “disdiratsua” bizi duela azpimarratu du Madurok. “Batuta dagoen herri bat da Venezuela, ‘yankien’ zapatek lur hau ez zapaltzea bermatuko duen herria, alegia”.

Venezuelako Gobernuarekin amaitu nahi izana leporatu dio Madurok Obamari. Bera eta bere gobernua kargutik kendu eta Venezuelan militarki parte hartu nahi izatea ere leporatu dio Madurok AEBko agintariari. Venezuelak inoiz jaso duen erasorik larriena dela ere esan du.

Gaur, Madurok botere gehiago eskatu dizkio Batzar Nazionalari, “Venezuelaren osotasuna defendatu ahal izateko”.

Bestalde, Fidel Castro Kubako presidente ohiak Maduro zoriondu du gutun bidez, “AEBko Gobernuaren plan bortitzen” aurrean Madurok emandako erantzun “ausartagatik”.

Obamaren erabakia

Venezuelako goi-kargudunen kontra onartu berri dituzten isunak indarrean jartzeko agindu du Obamak, eta “larrialdi egoera” ezarri du, Venezuelan duten egoera AEBrentzat "arriskutsua" delakoan.

Dekretu baten bitartez, Obamak abenduan onartutako lege batean agertzen diren venezuelar batzuen kontrako isunak “ezarri eta handitu” ditu, Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramaileak azaldu duenez.

“Venezuelako Gobernuak Giza Eskubideak urratzen dituela, aurkari politikoak jazartzen dituela (...) egiaztatu dut, eta hori AEBren segurtasun nazionalarentzat eta atzerri politikarentzat ezohiko eta aparteko mehatxua da; horregatik, larrialdi egoera ezarri dut, mehatxuari aurre egiteko”, adierazi du Obamak aginduan.

Venezuelan “adierazpen askatasuna murriztu, indarkeria erabili, Giza Eskubideak urratu, Gobernuaren kontrako protestei erantzuteko gehiegikeriak egin, manifestariak atxilotu eta ustelkeria publikoak nabarmen gora egin izana” aipatu ditu Obamak erabaki hori arrazoitzeko.

AEBko presidenteak “larrialdi egoera” ezar dezake egoera jakin baten aurrean herrialde bati isunak jarri eta Kongresuak onartutakotik harago joateko.

Dekretu horren bitartez, Obamak isunak iragarri ditu Venezuelako zazpi goi-kargudun eta goi-kargudun ohiren kontra, eta AEBn izan ditzaketen ondasun guztiak izoztu dizkiete eta AEBn sartzea debekatu diete.

Gustavo Enrique Gonzalez Lopez Inteligentzia Nazionaleko Zerbitzu Bolivartarreko (SEBIN) zuzendari nagusia eta Jose Benavides Torres Guardia Nazional Bolivartarraren Operazio (GNB) zuzendari ohia dira isuna jaso dutenetako batzuk. Horiekin batera, hauek ere zigortu dituzte: Justo Jose Noguera Pietri GNBko komandante ohia, Katherine Natarith Haringhton Ministerio Publikoko Bulegoko fiskal nazionala, Manuel Eduardo Perez Urdaneta Polizia Nazionalaren zuzendaria, Manuel Gregorio Bernal Martinez SEBINen zuzendari nagusi ohia eta Miguel Alcides Vivas Landino Indar Armatu Bolivartarreko (FANB) inspektore nagusia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barack Obama argazkiak Hauteskundeak AEB bideoak