Mundua -

AEB

Heriotzara zigortutakoak fusilatuta hiltzea onartu dute Utahn

Injekzio hilgarrien substantziak lortzeko zailtasunak direla medio, beste metodo hori baimendu du AEBko estatuak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eztabaida makabroa izan dute bart AEBko Utah estatuko Senatuan: hiltzera zigortutako presoak zelan hil.

2004tik injekzio hilgarrien bidez hiltzen dituzte heriotza-zigorrera kondenatutakoak. Azkenaldian, baina, arazoak izan dira injekzio horien pozoia lortzeko, eta beste aukera bat baimentzera behartu ditu estatu honetako legegileak: zigortutakoak exekutatze-pelotoi batek fusilatzea.

Fusilatzeak baimentzearen alde egin dute 18 senatarik, eta 10ek kontra. Hala, injekzio hilgarria eskuragarri ez denean, fusilatzeak baimentzearen alde egin du Utahk. Praktika hau onartzen duen AEBko estatu bakarra izango da, horrenbestez, Utah.

Neurria joan den hilabetean adostu zuen estatu honetako Kongresuak. Horren arabera, presoak fusilatuta hil ahalko dituzte "estatuak ez badu hiltzeko aukeratutako data baino 30 egun lehenago injekzio hilgarria egiteko substantziak lortzeko modurik".

Orain arte Europako enpresa farmazeutikoei erosten zieten pozoia, baina Europar Batasunak esportazioak debekatu ditu, eta beste substantzia batzuk lortu nahian dabiltza heriotza-zigorra indarrean duten estatuak.

Fusilatzeen aldekoek argudiatu dutenez, injekzio hilgarrien bidez hildako Oklahomako, Ohioko eta Arizonako preso batzuek sufrimendu itzelak pairatu dituzte eta, hortaz, exekutatzeko modu hori "gizatiarragoa" da.

AEBko estatu gehienetan injekzio hilgarriak erabiltzen dituzte, baina badago aulki elektrikoa edo gas-ganbera bigarren aukera moduan duenik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Presoak bideoak