Mundua -

Jihadismoa

Gutxienez 9 hildako Somalian, Al Shababek egindako eraso batean

Tokiko Gobernuaren egoitza baten kontra burututako atentatuan, 12 pertsona zauritu dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 9 pertsona hil eta 12 zauritu dira Somalia hegoaldean, Al Shabab taldeak bertako Gobernuaren egoitza baten kontra egindako eraso batean, eskualdeko agintariek jakinarazi dutenez.

Somalian 10:30 zirenean (08:30 Euskal Herrian) talde armatu bat Sharif Hasan Sheikh Adan Baidoa eskualdeko presidentearen etxea dagoen gunean sartu da eta hainbat leherketa jazo dira.

Somaliako segurtasun indarrek gunea kontrolpean hartu dute handik gutxira; izan ere, erasoa gertatu den tokitik gertu, Afrikako Batasunaren egoitza eta Nazio Batuen bulegoak daude.

Urtarrilaren hasieran, Al Shabab taldeak Baidoa eskualdeko base militar baten kontra egindako erasoan, bost soldadu eta hiru miliziano hil zituzten.

Halaber, iragan abenduan Baidoako hotel eta kafetegi baten kontrako bi eraso suizidatan gutxienez 15 lagun hil ziren.

Al Shabab taldeak Al-Qaidarekin bat egin zuela iragarri zuen formalki 2012an, eta Somalian estatu islamikoa ezartzea du helburu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea