Mundua -
#WithSyria
Sirian 'argiak berriz pizteko' kanpaina abiatu dute
2011tik, gatazka hasi zenetik, argien % 83 amatatu dira. Munduko agintariei Siriako herritarrei laguntzeko deia egin diote 130 erakundek, kanpaina honen bitartez.
Erredakzioa
Mundu osoko 130 erakundek eta pertsona ezagunek Siriako "argiak berriz pizteko" kanpaina abiatu dute, #WithSyria (Siriarekin bat) lelopean. Herrialde honetan gatazka hasi zenetik, 2011tik, argien % 83 itzali dira. Horrenbestez, argiak berriro pizteko deia egin nahi diete agintariei, eta nazioartean sinadura bilketa abiatu dute horretarako.
Ekimenaren sustatzaileek WithSyria webgunean salatu dutenez, 2011ko martxotik Siriako argien % 83 itzali dira. Alepon, herrialdeko bigarren herri handienean, larriagoa da egoera: argien % 97 amatatu dira. Damaskon, % 35. Horrez gain, 200.000 pertsona hil dira, 10 milioi pertsonak etxea utzi behar izan dute, eta hiru milioi ume ez doaz eskolara.
Kanpainako arduradunek bideoa eskegi dute webgunean, "itzalaldia" salatzeko.