Mundua -
Emakumeen aurkako indarkeria
72 urteko moja bat bortxatu dute Indian
Hainbat gizonek osatutako talde bat ikastetxe-komentuan sartu da, zaindariari eskuak lotu dizkio, eta moja bortxatu du. Gainera, dirua lapurtu eta eliza bat arpilatu dute.
Erredakzioa
72 urteko moja bat bortxatu dute Ranaghateko udalerrian, Bengala Mendebaldean, Indiako agintariek jakinarazi dutenez. Ikerketa abiatu dute erasotzaileak atxilotzeko.
Erasoa larunbateko 01:00ak aldera jazo da. Hainbat gizonek osatutako talde batek ikastetxe-komentuan sartu dira, zaindariari eskuak lotu dizkiote, eta moja bortxatu dute. Gainera, dirua lapurtu eta eliza arpilatu dute, DDTV Indiako telebista-kateak jakinarazi duenez.
"Bost mojatik hiruei eskuak lotu dizkiote, zuzendaritza-bulegoan sartu dira, hura arpilatu dute eta dirua, ordenagailu eramangarri bat eta eskuko telefono bat eraman dituzte", azaldu du Dominic Gomes Kalcutako bikario jeneralak.
Bortxatutako moja ospitalera eraman dute, eta bere egoera larria baina egonkorra da, ebakuntza egin ostean.
Segurtasun-kamerei esker, bost erasotzailetatik lau identifikatu dituzte dagoeneko, eta horiek aurkitzen laguntzen duenari ordainsaria eskainiko diote.
Ikastetxeko ikasleek protesta-ekintza egin dute jazoera salatzeko. Horren harian, Sealdah-Ranaghat ibilbideko trenbidea eta 34. Autobia Nazionala oztopatu dituzte.
Bortxaketak ohikoak dira Indian, eta emakumezkoak biktima ahulenak izaten dira. Giza Eskubideetarako Asiako Zentroak argitaratutako txosten baten arabera, 2001 eta 2011 urte bitartean 48.338 eraso izan ziren. Urtetik urtera % 336 igo da abusu-kopurua.
Gatazka gai sozialaz haratago doa, sistema judizialak ez baitu beti emakumezkoak entzuten, eta sarritan biktima eta erasotzailearen arteko ezkontza ere iradokitzera heltzen da Polizia.
2012ko abenduan New Delhin izandako bortxaketaren ondorioz, manifestazio jendetsuak izan ziren Indian, eta orduz geroztik Gobernuak zigorrak gogortu egin zituen.