Mundua -
'Pam' tifoia
Europak 4 milioi euro bideratuko ditu Vanuatuko herritarrak laguntzeko
'Pam' tifoiak Vanuatuko uhartea suntsitu du eta zortzi hildako, gutxienez, utzi ditu. Hala ere, baliteke dozenaka hildako izatea, herrialde osoa txikituta geratu baita.
Erredakzioa
Europako Batzordeak milioi bat euroko diru-laguntza iragarri du Vanuatuko herritarrak laguntzeko, eta Erresuma Batuak, berriz, 2,8 milioi euro zuzenduko ditu 'Pam' tifoiaren ondorioz izan diren kaltedunentzat.
Tifoi horrek Vanuatuko uhartea suntsitu du eta zortzi hildako, gutxienez, eragin ditu. Hala ere, baliteke dozenaka hildako izatea, herrialde osoa txikituta geratu baita. Tifoiak kalte material handiak eragin ditu.
Europar Batasuneko diru-funtsak biktima ahulentzat izango dira. Bertan lanean ari diren erakundeen bitartez bideratuko dute dirua, herritarrei aterpea, ura eta sendagaiak emateko, hain zuzen ere.
Bestalde, Justine Greening Erresuma Batuko Nazioarteko Garapenerako idazkariak 2,8 milioi euroko diru-laguntza iragarri du. Vanuatuko, Australia eta Zelanda Berriko agintariekin lanean ari da Erresuma Batuko Gobernua, Nazio Batuen Erakundeko agentzia humanitarioei laguntza eskainiz.
"Laguntzaren eske dabilen jende asko dago, bereziki haurrak eta emakumezkoak, aterperik eta oinarrizko hornigairik gabe", esan du.
Presidentearen eskaera
Baldwin Lonsdale Vanuatuko presidenteak berehalako laguntza eskatu die nazioarteko herrialdeei. "Zorigaitz handia izan da", esan du Lonsdale, "bihotz minduta", Japonian izandako batzar batean.
"Nazioarteari Vanuatuko herrialdea laguntzeko deia egin nahi diot, astindu gaituen hondamendi honi aurre egin ahal izateko", esan du presidenteak.
Suntsipen osoa
Asiarako eta Pazifikorako Batzorde Ekonomiko eta Soziala aktibatu du Nazio Batuen Erakundeak Vanuatuko uharteetako irudiak jasotzeko, tifoiak eragindako kalteak zenbatu dezaten. Momentuz, zortzi hildako baieztatu dituzte, baina litekeena da biktima kopuruak nabarmen igotzea, udalerri osoak suntsituta geratu direlako.
Oxfam Gobernuz Kanpoko Erakundeak jasotako txostenen arabera, "suntsipena erabatekoa da". Bestalde, Australiako Gurutze Gorriak ohartarazi du tifoiak eragindako hondamendia "ikaragarria" dela. "Lagun askok euren etxea galdu dituzte. Premiazko lehentasunak aterpea, janaria eta ura dira", gaineratu du.