Mundua -
Istripua
Gutxienez 50 lagun hil dira Brasilen izan den autobus istripuan
Autobusa amildegi batetik erori da Santa Catarina estatuko errepide batean, herrialdearen hegoaldean, tokiko komunikabideek jakitera eman dutenez.
Erredakzioa
Gutxienez 50 lagun hil dira Brasilen izan da autobus istripuan. Autobusa amildegi batetik erori da Santa Catarina estatuko errepide batean, herrialdearen hegoaldean, tokiko komunikabideek jakitera eman dutenez.
Santa Catarinako Gobernuak baieztatu duenez, hildakoak hamaika haur, bost nerabe, hamalau gizonezko eta hogei emakume dira. Halaber, zortzi zaurituk eskualdeko ospitalean jarraitzen dute.
Biktimetako bi ez dituzte identifikatu eta, autobuseko bidaiarien zerrendan 60 pertsona ageri baziren ere, lau pertsona ez zirela autobusera igo uste dute.
Autobus barruan zeuden biktima guztiak erretiratu dituzte eta autobus azpian eta ibilgailua erori den inguruan gorpu gehiago ez dagoela uste dute agintariek.
400 metroko amildegi batetik erori zen autobusa, Campo Alegre izeneko udalerriaren parean, SC-418 errepidean.
Bidaiariak elkarte ebanjeliko bateko kideak ziren eta Guaratuba hirira zihoazen, ekitaldi erlijioso batean parte hartzera, komunikabide baten arabera.