Mundua -

Sao Paulon

Milioi bat brasildar izan dira Dilma Rousseffen kontrako protestatan

Brasilgo presidentearen ospea nabarmen jaitsi da, Petrobas petrolio enpresa publikoko ustelkeria kasua eta Gobernuak hartutako doitasun neurriak tarteko.

Milaka lagunek Brasilgo kaleak hartu dituzte Rousseffen aurka

0:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez milioi bat brasildarrek parte hartu dute gaur Dilma Rousseff Brasilgo presidentearen aurkako Sao Pauloko manifestazio erraldoian. Igande honetarako beste manifestazio batzuk aurreikusita zeuden Brasilgo hainbat hiritan, baina Sao Paulokoa jendetsuena izan da.

Manifestazioa Paulista Etorbidean egin dute, hiru kilometrotako bide zabal batean, Sao Pauloko erdigunean.

Rio de Janeirok ere manifestazio handia hartu du. Bertako protesta 09:30ean hasi da (13:30ak Euskal Herrian) Copacabanako hondartzan, eta ehunka lagunek parte hartu dute. Oposizioko alderdiekin loturik ez duten arren, oposizioarekin bat egiten duten hiritar taldeek deitu dute manifestazioa, eta parte-hartzeak deitzaileen aurreikuspenak gainditu.

Manifestariek Rousseffen eta agintean dagoen Langileen Alderdiaren (PT) eta ustelkeriaren kontrako oihuak egin dituzte; besteak beste, "PT kanpora", "PTk lapurreta egin zuen" edota "PT inoiz gehiago ez" oihukatu dute. Manifestari gehienek horiz eta berdez jantzita zeuden, Brasilgo banderaren koloreei keinu eginez.

Bestalde, protestan parte hartu dutenek hainbat pankarta erakutsi dituzte Rousseffen kontrako epaiketa politikoa hastea eta hura kargutik kentzea eskatzeko. Egungo Brasilgo presidenteak 2015eko urtarrilaren 1ean hasi zuen bere bigarren agintaldia.

Rousseffen ospeak nabarmen egin du behera azken aldian Petrobas petrolio enpresa publikoko ustelkeria kasua eta Gobernuak defizita murrizteko hartutako doitasun neurriak tarteko. Petrobas kasuak 50 politikari zipristindu ditu eta gehienak Rousseffen alderdikoak dira.

Rio de Janeiroko protestez gain, manifestazio jendetsuak egin dituzte baita ere Brasilian, Belo Horizonten, Salvadorren eta Recifen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Brasil albisteak