Mundua -
Venezuela
Parlamentuak legeak dekretuz egiteko baimena eman dio Nicolas Madurori
'Inperialismoaren kontrako lege gaitzailea' deiturikoari esker, Venezuelako presidenteak legeak onartzeko eskumena izango du, Parlamentuan eztabaidatu eta onartu beharrik gabe.
Erredakzioa
Venezuelako parlamentuak legeak dekretuz egiteko baimena eman dio Nicolas Maduro presidenteari, berak hala eskatuta, igande honetan egindako ezohiko saio batean. Ameriketako Estatu Batuek Venezuelari egin dizkioten "mehatxuei" aurre egin ahal izateko eman dio Parlamentuak baimena.
Maduroren aldeko diputatuen botoa nahikoa izan da "Inperialismoaren kontrako lege gaitzailea" deituriko legea onartzeko. Oposizioak kontra bozkatu du, baina Maduroren gehiengoa tarteko, legea aurrera atera da. Lege horri esker, Madurok legeak onartzeko eskumena izango du, Parlamentuan eztabaidatu eta onartu beharrik gabe.
Milaka lagun batu dira Parlamentuaren eta presidentearen jauregiaren atarian eztabaida zuzenean jarraitzeko. Legeak 6 hilabeteko iraupena izango du, Gaceta Oficial boletin ofizialean argitaratzen den unetik; ziurrenera astelehen honetan argitaratuko da.
Oposizioko kideetako batek bozketa aurreko eztabaidan ohartarazi duenez, "Inperialismoaren kontrako lege gaitzailea"ri esker, Madurok legeak "nahieran" egin ahal izango ditu,
Presidenteak ez du zehaztu zer nolako legeak egingo dituen, baina herrialdearen subirotasuna eta bakea bermatzeko egitura judiziala indartuko duela azpimarratu du.
Nicolas Madurok legeak onartzeko eskumena emateko eskatu zion Parlamentuari, Venezuela AEBren segurtasunarentz "mehatxu izugarri eta ezohikoa" bihurtu dela adierazi ostean Obamak. Venezuelako oposizioko zenbait kidek ere gehiegizkotzat jo zituzten Obamaren adierazpenak.