Mundua -

Hauteskundeak Israelen

Netanyahuren eta Herzogen arteko berdinketa teknikoa, inkesten arabera

Zelai Sionistak eta Likudek 27 eserleku eskuratuko lituzkete bakoitzak. Arabiar Zerrenda hirugarren indarra izango litzateke 13 ordezkarirekin.

Netanyahu, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: Efe
Netanyahu, gaurko prentsaurrekoan.
Netanyahu, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Canal 1 eta Canal 10 Israelgo telebistek jakitera eman dituzten inkesten arabera, Zelai Sionistaren eta Likuden arteko berdinketa izan da Israelgo hauteskundeetan. Bakoitzak 27 eserleku eskuratuko lituzke.

Inkestak azaldu duenez, Arabiar Zerrenda hirugarren indarra izango litzateke 13 ordezkarirekin; Etorkizuna Dago, 12; zentro-eskuineko Kulanu alderdia, 9; Etxe Judua 8, Shas eta Torako Judaismo Batua 7 eta 6, hurrenez hurren; ezkerreko Meretz  5 eta Israel Beitenu muturreko abertzaleak, 5.

Hala ere, Canal 2 telebistako beste inkesta batek garaipena eman dio Likudi, eserleku bakarreko aldearekin. Benjamin Netanyahu lehen ministroaren alderdiak 28 ordezkari lortuko lituzke, Zelai Sionistak baino bat geghiago.

Netanyahu, batasun nazionaleko gobernua osatzearen kontra

Hauteslekuak itxi baino ordu batzuk lehenago, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan du Israelen "inola ere ez" dela batasun nazionaleko gobernurik osatuko.

Hauteskunde eskolak bertako 07:00etan (Euskal Herriko 06:00etan) ireki eta 22:00etan itxi dituzte (Euskal Herriko 21:00etan).

Netanyahuk gaur arratsaldean emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, ez dute Zelai Sionistarekin "batasun gobernurik osatuko". Prentsaurrekoa Internet bidez zabaldu du lehen ministro israeldarrak, Hauteskunde Batzordeak telebistaz ematea debekatu ostean.

"Ez dago batzen gaituen zubirik", azpimarratu du Netanyahuk Zelai Sionista koalizioari erreferentzia eginez. Azken inkestek ezker-zentroko koalizioari ematen diote garaipena 24 eserlekurekin, eta 20-21 ematen dizkio Likudi.

Herzog, "lotsatuta"

Isaac Herzog Alderdi Laboristaren buru eta Zelai Sionista koalizioaren hautagaiak esan du "lotsa" sentitzen duela lehen ministroak gaurko prentsaurrekoan zabaldu duen "izuarekin".

"Gaurkoa mugarri da Estatuaren etorkizunarentzat. Netanyahuk zabaltzen duen izu mezua lotsagarria da", adierazi du Herzogek.

Hamasek zerrenda arabiarrarentzat eskatu du botoa

Bestalde, Hamasek arabiarrek osatzen duten zerrendaren aldeko botoa eskatu die Israelgo hauteskundeetan botoa emateko eskubidea duten palestinarrei.

"Palestinar guztiak deitzen ditugu botoa ematera, askapena gertu dago. Garaipena Al Qudsen ospatuko dugu", adierazi dute Twitterren Ezzedin al Qassam brigadek.

Lehenengo aldiz, arabiarrek zerrenda bateratua aurkeztu dute hauteskundeetan, eta Parlamentuko hirugarren indarra izatea lortzeko aukera handiak ematen dizkiete inkestek, 13 eserlekurekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen ari da munduan? Eguneko albisteak Eguneko albisteak Israel Hauteskundeak Ekialde Hurbila Benjamin Netanyahu