Mundua -
Istiluak
350tik gora lagun atxilotu ditu Poliziak Frankfurten istiluen ondorioz
Manifestariek, burua estalita gehienek, harriak bota dizkiete poliziei eta edukiontziak erre dituzte hiriburu finantzarioaren erdigunean.
Erredakzioa
Istilu larriak izan dira gaur goizean Frankfurten, manifestari talde batzuen eta Poliziaren arteko liskarretan. Europako Banku Zentralaren egoitza berria 11:00etan inauguratu dute. Poliziak 350tik gora lagun atxilotu ditu dagoeneko.
Poliziak aditzera eman duenez, atxilotuek hainbat delitu egin dituzte hiriko zenbait tokitan. Pertsona horien aurka neurririk hartuko duen ala ez erabakiko du Poliziak.
Manifestariek, burua estalita gehienek, harriak bota dizkiete poliziei, eta edukiontziak erre dituzte hiriburu finantzarioaren erdigunean.
Poliziaren iturriek jakitera eman dutenez, gutxienez polizia bat eta manifestari bat zauritu dira. Polizia hainbat manifestariri oldartu zaie, ura botatzeko tankeekin.
Goizeko lehen orduko protesten ondoren, segurtasun esparrua zabaltzea erabaki du Poliziak. Ondorioz, Banku Zentralaren egoitzaren ingurunea "lasai" dagoela jakinarazi dute (manifestariak kilometro erdira daude).
Blockupyk deitutako protesta
Blockupy talde antikapitalistak deituta, milaka lagun espero ziren gaur Frankurten, Europako Banku Zentralaren egoitza berria inauguratzeko ekitaldia dela eta. Iturri batzuen arabera, 10.000 manifestari baino gehiago joango dira Frankurtera. "Martxoaren 18an, Europako Banku Zentralak modu baketsuan inauguratuko du bere kuartel nagusi berria, Frankfurten. Pobreziaren eta murrizketen politikarekin, ez dago zer ospatzerik", dio talde antikapitalista horren mezuak.
Egoitza berria egiteko, 1.300 milioi euro erabili ditu EBZk, Europa osoan murrizketak nagusi direnean.
Inaugurazio ofiziala
'Euroaren etxea', Europako Banku Zentralaren egoitza berria, inauguratu du gaur goizean Mario Draghi erakunde horretako presidenteak Frankfurten.
Horren hitzetan, "elkarturik Europak lor dezakeen onenaren" sinboloa izango dela azpimarratu du Draghik. "Banaketa batek ekarriko lukeen arriskuaz ohartarazten duen sinboloa da", gaineratu du.
Inaugurazio ofizialean, Draghik esan du eraikin berria "euroguneko herritar guztientzat prezioen egonkortasuna lortzeko oinarri osasuntsua" izango dela.
Frankfurteko protesten irudi gehiago ikusteko, sar zaitez gure argazki galerian.