Mundua -

Berlinen

Tsipras eta Merkel gaur batzartuko dira aldebiko harremanak abiatzeko

Greziako lehen ministroak eta Alemaniako kantzilerrak hainbat gai izango dituzte hizpide, tartean, Greziaren likidezia falta larria eta erakundeekiko negoziazioak.

Tsipras eta Merkel, Europako azken goi-bileran. Argazkia: EFE
Tsipras eta Merkel, Europako azken goi-bileran. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa Berlinera joango da gaur Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin batzartzeko, xede izanik aldebiko harremanak abiatzea. Agintariek bi herrialdeen arteko harremanak eta Greziako egoera izango dituzte mintzagai.

Greziako Gobernuak ohar baten bidez iragarri duenez, bi agintariek "aldebiko harremanak eta Europako gai handiak" izango dituzte hizpide bilera hartan. Gai anitz dituztenez, lan-saio bikoitza egingo dute. Batzar horretan mahai gainean izango dira Greziaren likidezia falta larria eta erakundeekiko negoziazioak.

Atenas buru-belarri ari da lanean ostiraletik, lehen ministroak hitzemandako erreforma-zerrenda prestatzen. Datozen egunotan zerrenda hori eskainiko die Europako bazkideei, eta horren ondorioz, bigarren erreskaterako funtsak lortzea espero du Greziak.

Tsiprasek azpimarratu duenez, "ez noa bilera horretara negoziazioak bultzatuta, bi aldeek aipatutako gaien inguruan eztabaidatzeko borondateak baizik". "Ez da ospaketarik egiteko unea, lan egiteko momentua, berriz", nabarmendu du.

Erreformak

Greziako lehen ministroak azaldu duenez, "Gobernua negoziatzen ari da, baina aldi berean gobernatzen ari da. Eztabaidatu bitartean, legeak egiten ditugu". Greziako Parlamentuak jada onartutako neurriei die aipamena Tsiprasek, hau da, krisi humanitarioari aurre egiteko premiazko neurriak eta Ogasunekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak ordaintzeko erraztasunak eskaintzea.

Greziak abiatu behar dituen erreformei dagokienez, Tsiprasek esan du batzuk dagoeneko martxan jarri dituztela "herrialdea normaltasunera eramateko asmoz, galdutako urteak berreskuratu ditzagun".

"Interes boteredunekin konpromisoak zutenelako edo herri-babesa izan ez zutelako, aurreko gobernuak egitera ausartu ez zena egin dezakegu guk", esan du Greziako buruak.

Azken egunotan tentsioz beteriko deklarazioak izan dira bi herrialdeetako Gobernuen artean. Izan ere, Greziako Parlamentuak batzordea sortu du datuak biltzeko, okupazio naziaren garaian Greziak Alemaniari emandako dirua itzultzea eskatuko baitio Tsiprasek Merkeli.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Angela Merkel bideoak