Mundua -

Halifax hirian (Kanada)

23 pertsona arin zauritu dira Air Canadako hegazkin baten lurreratzean

Lurra hartu duenean, elurte handia eta ikuspen txikia zeuden, eta hegazkina pistatik atera da.

Hegazkinak 133 bidaiari zeramatzan. Argazkia: EFE
Hegazkinak 133 bidaiari zeramatzan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Air Canadako hegazkin batek 'ezbeharra' izan du lurra hartzeko unean, goizaldean, Halifaxeko Aireportu Internazionalean, Kanadan. Horren ondorioz, 23 bidaiarik zauri arinak egin dituzte, hegazkin-konpainiak jakitera eman duenez.

Torontotik zihoan hegazkinak 133 bidaiari eta tripulazioko bost kide zeramatzan. Ezbeharra bertan 00:43 zirenean jazo da (23:43 GMT), konpainiak bere webgunean eskegitako ohar baten bidez azaldu duenez.

Hegazkina Airbus 320 bat da, Frantziako Alpeetan eroritako hegazkina bezalakoa. Lurra hartzen ari zenean, elurte handia eta ikuspen txikia zeuden inguruan, eta, ondorioz, hegazkina pistatik atera da.

"Bidaiari eta tripulazioko kide guztiak hegazkinetik atera dira", esan du Air Canadak. 133 bidaiarietatik 23 ospitaleetara eraman dituzte, zauri arinak egin dituztelako.

Jazoerak itzalaldia eragin du Halifaxeko Aireportu Internazionaleko terminalean, eta hegaldi guztietarako itxi egin dute.

Peter Spurway aireportuko bozeramaileak adierazi duenez, hegazkinak "lurreratze oso konplikatua" izan du, baina, horren esanetan, oraindik ez dute argitu istripua zerk eragin duen.

Randy Hall bidaiariak azaldu duenez, hegazkina zirkuluak eginez ibili da hegan ordu erdiz, lurra hartzeko une aproposaren zain, eta lurreratzeko unean "distira handia" izan da.

CBC telebista-katearen arabera, litekeena da hegazkinak kable edo zutoin bat jo izana, baina agintariek ez dute informazio hori baieztatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea