Mundua -
Gatazka nuklearra
Akordio historikoa erdietsi dute Irango programa nuklearraren inguruan
Uranioa aberasteko programa mugatuta eta Energia Atomikoaren Erakundeak gainbegiratuta egongo da, Iran eta sei potentzia nagusiek lortutako aurre-akordioaren arabera.
Agentziak | Erredakzioa
Irango programa nuklearrari buruzko akordioa lortu dute Lausanan (Suitza). Hitzarmenaren arabera, uranioa aberasteko Iranen programa mugatuta eta gainbegiratuta egongo da datozen 25 urteotan. Era berean, orain arte ekoiztutako uranioaren % 95 desegin egin beharko dute edo atzerrira bidali.
Horrez gain, Iranen egiten dituen jarduera nuklear guztiak Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundearen zaintzapean egon behar dira, Efe albiste-agentziak zabaldu duenez.
Trukean, Europar Batasunak eta AEBek Irani ezarritako zigor ekonomikoak nahiz diplomatikoak bertan behera geratuko dira.
Gaur adostutako printzipioak garatzen jarraituko dute eta datorren ekainaren 30erako behin betiko ituna itxi beharko dute. 12 urteko eztabaida korapilatsu eta luzeari amaiera emango liokeen ituna izango litzateke.
Uranioa aberastea beti izan da Iranen helburu nagusietako bat, bi erabilera dituela: zibila eta militarra.
Ikerketarako eta garapenerako aberasten den uranioa modu mugatuan eta kontrol zorrotzen baitan burutu beharko dute.
Iran eta AEBak, pozik
Barack Obama AEBko presidentearen aburuz, Iranek eta munduko sei potentziek erdietsitakoa "akordio ona da, Iranek gezurren bat esaten badu, munduak jakingo duelako". Izan ere, uranioa aberasteko programa zaintzapean egongo da datozen 25 urteetan.
Iran bera ere pozik agertu da itunarekin. Abas Araqchi Irango kantzilerorde eta negoziazioa ibilitakoak aurre-akordioa lortu izana ospatu du. Araqchiren hitzetan, Iranek programa nuklear baketsua izateko eskubidea onartu dute nazioartean eta hori da akordioaren arrakastetako bat.