Mundua -
Fundamentalismo islamikoa
Kenyan 'sarraskia' egingo duela mehatxatu du Al Shabab taldeak
Kenyak Somalian zabaldu dituen tropak erretiratzeko eskatu du Al Shabab talde islamikoak, edo Kenyako hiriak "odolez" beteko dituela ohartarazi du.
Erredakzioa
Al Shabab talde islamikoak oharra zabaldu du, eta Garissako Unibertsitatean izandako atentatua bezalako eraso gehiago egingo dituela mehatxatu du. Garissako Unibertsitatean talde horrek egindako atentatuaren ondorioz, ia 150 lagun hil ziren.
Taldeak berretsi duenez, kafir herritarren aurkako erasoa izan zen, hau da, fededunak ez direnen kontrako atentatua.
1998tik Kenyan izandako atentaturik larriena izan da. 1998an Nairobin AEBek duten Enbaxadaren aurkako erasoa abiatu zuen Al Kaidan orduan, eta 200 lagun inguru hil ziren bertan.
"Fedegabeak hiltzen hasi aurretik, bertatik ateratzeko baimena eman genien musulman guztiei. Musulman baten odola bortxaezina da, fedegabe batenak ez du inolako babesik", esan du Al Shababek. "Kenyako hiriak odolez beteko ditugu", ohartarazi du.
Kenyako Gobernuaren aurka
Al Shababek azaldu duenez, "Kenyako Gobernuak Garissan egindako triskantzak zigortzeko egin ditugu eraso horiek, Kenyako Gobernuak eta Armadak milaka musulman hil dituelako". Hori dela eta, Kenyak Somalian zabaldu dituen tropak erretiratzeko eskatu du talde islamikoak.
"Kenyako Gobernuaren oniritziarekin, soldadu kenyarrek milaka hilketa, tortura eta bortxaketa egin dituzte, hau da, belaunaldi bateko ametsak eta itxaropenak suntsitu dituzte", esan du.
Kenyako Gobernuari ohartarazi dionez, "mezua ez dugu hitzekin idatziko, Kenyako herritarren odolarekin baizik, beraz, joan zaitezte hilkutxak prestatzen". "Ezin izango duzue zeuen segurtasuna bermatu edo beste erasoren bat saihestu", iragarri du.
Hiru dolu egun
Uhuru Kenyatta Kenyako presidenteak hiru dolu egun ezarri ditu Garissako Unibertsitatean jasandako sarraskiaren ondorioz. Halaber, batuta mantentzeko deia egin die herritarrei.
Telebista bidez zabaldutako mezu batean presidenteak erasoa gaitzetsi egin du, eta "gure bizi-estiloa defendatzeko ahal den guztia" egingo duela hitzeman du.
Kenyattak nabarmendu duenez, segurtasun-indarrak ahal duten guztia ari dira egiten Mohamed Kuno atentatuaren erantzulea atxilotu ahal izateko. Kenyako Gobernuaren ustez, Al Shabab taldearen burua da Jubako eskualde somaliarrean.
Bestalde, Kenyako presidenteak adierazi du Al Shabab ez dela gai izango Kenya barruan kalifatoa ezartzeko. Halaber, laguntza eskatu dio Kenyako musulmanen komunitateari (populazioaren % 11a osatzen dute) fundamentalismo erlijiosoa gaitzesteko.
Kenyako agintariaren arabera, terrorismo islamistari aurre egitea geroz eta zailagoa da; izan ere, "basakeria horiek prestatzen eta finantzatzen dituztenak ezin hobeto txertatuta daude gure komunitateetan".
Bost atxilotu
Kenyako Poliziak beste hiru lagun atxilotu ditu Garissako Unibertsitatean izandako sarraskiarekin lotura dutelakoan. Somaliarako bidean atxilotu dituzte, tokiko komunikabidek adierazi dutenez. Aurretik beste bi lagun atxilotu izan ditu Poliziak
Mohamed Kuno triskantzaren erantzulearen konplizeak izatea egotzi diete azken hiru atxilotuei. Kenyako ipar-ekialdean izandako beste atentatu batzuekin lotu dute Kuno.
Momentuz ez dituzte atxilotuen jatorria edota izen-abizenak jakitera eman, baina galdeketen ondorioz, Kuno atxilotzeko arrasto garrantzitsuren bat lortzea espero dute.
Gobernuak 20 milioi txelin (200.000 euro) eskaini ditu Kuno atxilotzen laguntzen duen edozein informazioa emateagatik. Kuno joan den abendutik ihes eginda dago.
300 hildakotik gora
Azken bi urteetan Al Shabab taldeak hainbat atentatu egin ditu Kenyan, tartean, Nairobiko Westgate merkataritza-zentroan (2013an); Mpeketoni, Gamba eta Mandera herrietan (2014an); eta Garissakoa (2015an). Guztira, 350 hildakotik gora izan dira.
Al Shabab talde islamistak turistak eta atzerritarrak bahitu ostean, Somaliako hegoaldea inbaditu zuen Kenyako Gobernuak 2011an. Al Shababek gerra-deklaraziotzat hartu zuen ekintza hori.