Mundua -
Horietako bat, hilik dago
Hiru espainiarrak erreskatatzeko operazioa aurrera doa Marokon
Hiru espeleologoak 400 metroko amildegi baten barrenean daude, , horietako bat hilik. Erreskate-lanak oso zailak dira, inguru malkarra delako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hiru espeleologo espainiarrak erreskatatzeko operazioak aurrera jarraitzen du Marokoko hegoaldean, Uarzazate eskualdeko Errege-Jendarmeriak jakinarazi duenez. Erreskate-lanak asko zaildu dira zonaldea dela eta.
Espeleologoetako bat hilik dago, eta gainerako biak zaurituta daude. Ondorioz, lehen sorospenak jaso dituzte lekuan bertan, 400 metroko altuera duen amildegi baten barrenean, alegia, Tarmesteko udalerrian, Iminulauen herrian. Behin bertatik atera ostean, erreskate-taldeak helikpteroz eramango ditu Uarzazateko aireportura.
Larunbat gauean espeleologoetako bat hilik zegoela jakinarazi zuten Marokoko agintariek, MAP albiste-agentziaren bitartez. Dirudienez, amildegitik behera erori zen. Igande honetan, Espainiako Barne Ministerioko iturri batek zabaldu duenez, Gustavo Virues da hildakoa.
Hala ere, ez dituzte ezbeharraren inguruko xehetasunak jakinaraziko senideei informazioaren berri eman arte.
Barne Ministerioko iturriek berri eman dutenez, erreskate talde espainiarra -Guardia Zibilaren Mendiko Taldeko lau kidez eta Poliziaren Operazio Berezietarako taldeko hiru kidez osatua- dagoeneko heldu da gertaeraren tokira, baina ez dira lanean hasiko astelehenera arte. "Egoeraren azterketa egin dute eta bihar lehen orduan hasiko dituzte erreskate lanak", gaineratu dute iturriek.
Sevillatik etorritako talde antolatu bateko kideak ziren hiru espainiarrak, guztira, bederatzi lagun ziren, eta fisikoki eta teknikoki gai ziren espedizioan parte hartzeko.
Astelehenean gainerako kideengandik aldendu ziren, eta asteartean berriro bat egingo zutela hitzeman zuten. Berririk gabe hainbat egun igaro ostean, taldeko buruak salaketa aurkeztu zuen asteazkenean Marokoko Jendarmerian, eta Espainiako kontsulatuari deitu zion.
Gainerako taldekideek mendian igaro zuten gaua bilaketa-lanetan laguntzeko, eta galdutako espainiarrak aurkitzen lehenak izan ziren.