Mundua -
Epaia
Dzhokhar Tsarnaev, Bostongo maratoian egindako erasoaren errudun
Erabakia aho batez hartu du epaimahaiak, eta 30 delitu leporatu dizkio. Heriotza-zigorra ezar diezaiokete. Kargu guztien irakurketa zirkinik egin gabe entzun du Tsarnaevek auzitegian.
Agentziak | Erredakzioa
Dzhokhar Tsarnaev errudun jo du gaur epaimahaiak. 2013ko Bostongo maratoian lehergailuz egindako atentatuaren egilea dela uste du epaimahaiak. Ondorioz, 30 delitu egotzi dizkiote. Horregatik, heriotza-zigorra ezar diezaiokete. Bi egun eta 11 ordu behar izan dituzte, baina erabakia aho batez hartu dute epaimahaiko kideek.
Errudun jo ostean, epaile federal batek heriotza-zigorra edo biziarteko kartzela-zigorra ezartzea erabaki beharko du orain. 17 delituk heriotza-zigorra ekar diezaiokete. Kargu guztien irakurketa zirkinik egin gabe entzun du Dzhokhar Tsarnaevek Bostongo auzitegian.
Besteak beste, suntsipen handiko arma bat hiltzeko borondatearekin erabiltzea eta lau pertsonaren hilketa prestatzea eta egitea leporatu diote Tsarnaevi. 2013ko apirilaren 15ean, hiru pertsona hil ziren Dzhokhar eta Tamerlan Tsarnaev anaiek jarritako lehergailuen eztandaren ondorioz, eta ihesi zihoazela, polizia bat hil zuten, tiroz. Poliziarekin izandako tiroketan, Tamerlan hil eta anaia zauritu zuten, baina honek ihes egitea lortu zuen, eta egun batzuk geroago atxilotu zuten, atoi batean zegoen itsasontzi batean ezkutatuta. Eraso hartan 264 pertsona zauritzea ere egotzi diote.
Atentatuetan parte hartu zuela onartu zuen Dzhokhar Tsarnaeven abokatuak epaiketaren hasieran, baina erasoen bultzatzailea eta burua Tamerlan anaia nagusia izan zela frogatu nahi izan zuen.
Bi anaiek lehergaiz beteriko bi presio-eltze jarri zituzten Bostongo maratoiaren azken metroetan, eta egun batzuk geroago, bi susmagarrien argazkiak zabaldu zituztenean, ihesaldi ikusgarri baten protagonista izan ziren.