Mundua -
Erreportajea
Mohameden bizimodu berria
Mundubat garapenerako gobernuz kanpoko erakundeari esker, Mohamed Jordaniara eraman zuten lehenengo, eta Bilbora gero, eta Gurutzetako Ospitalean horren ezkerreko begia salbatzeko lasterketa hasi zen.
Mikel Ayestaran | GAZA
Mohamed Badran 9 urteko ume gazatarrak beste ebakuntza behar du ikusmena ez galtzeko. Udan Israelek zauritu ondoren, Mundubat garapenerako gobernuz kanpoko erakundeari esker, Mohamed Jordaniara eraman zuten lehenengo, eta Bilbora gero, eta horren ezkerreko begia salbatzeko lasterketa hasi zen orduan Gurutzetako Ospitalean.
Hiru hilabeteren ondoren, haurraren amak dio beste ebakuntza bat behar duela, ikusmena galtzen ari baita egunetik egunera. Orain, ume itsu edo ikusmen arazo larriak dituzten umeentzako Al Nour zentroan ikasten du Mohamedek. Horrelako zentro bakarra da Gazan.
Irakasleek diote azkar ohitu dela, eta dagoeneko ikasi duela Braille metodoaren bidez idazten. Irakurtzeko, berriz, oraindik ere denbora pixka bat beharko du gainerako umeek hatz puntetan duten sentikortasuna garatzeko.
Hau da Mohameden bizimodu berria. Mundubat erakundeari esker Bilbora egin zuen bidaiak begia salbatzeko itxaropena eman zion, baina prozesua luzea izango da.