Mundua -
Tragedia Alsazian
Andre batek hiru seme-alaba hil ditu eta senarra zauritu du, Frantzian
Beste alaba bat, 9 urtekoa, bizirik atera da. Emakumea atxilotu, eta epailearen esku utzi dute, hiru hilketa egotzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emakume bat atxilotu dute Alsaziako Schlierbach herri txikian, 2, 6 eta 10 urteko seme-alabak hiltzea egotzita. Senarra zauritu egin du.
Frantziako komunikabideek jakinarazi dutenez, beste alaba bat, 9 urtekoa, bizirik atera da. Jazoera Mulhouse hiritik hurbil gertatu da, Alemania eta Suitzako muga aldean.
Larrialdietarako zerbitzuek hiru umeak hilda aurkitu dituzte etxebizitzan. 9 urteko neskatoa, berriz, onik dago, etxetik ihes egitea lortu baitu, France Info irrati-kateak zabaldu duenez.
Familiaren auzokideek eman zuten abisua, etxebizitzan kolpe handiak eta liskar hotsak entzunda.
Umeen aitari ebakuntza egingo diote, arma zuri batek edo gehiagok eragindako zauriengatik. Haurren gorpuek ere mota horretako zauriak dituzte.
Mulhouseko fiskalaren arabera, krimenaren lekuan ikus zitekeena "jasangaitza" da. Dirudienez, andre-gizonek arazoak zituzten aspalditik.
Emakumea atxilotu eta epailearen esku utzi dute, hiru hilketa egotzita. Bitartean, bizirik atera den 9 urteko neskatoa psikologoen zaintzapean jarri dute.