Mundua -
Alemania
Germanwingsen hegazkin bat hustu dute Kolonian, bonba abisua dela eta
Atzo Kolonia-Milan bidea egin behar zuen A320 batekin jazo zen gertakaria, konpainiak jakitera eman duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Alemania eta Italia arteko hegaldia egin behar zuen Germanwings konpainiaren hegazkin bat hustu behar izan dute igande honetan, bonba abisu bat dela eta.
Lufthansaren hegaldi merkeen filialak eman du berria. Bartzelona-Dusseldorf bidea egiten ari zen A320 hegazkin bat Alpeetan amildu zenetik jomugan izan den konpainia.
Germanwingsek emandako datuen arabera, Milanen lur hartu behar zuen 4U826 hegaldia jendez husteko abisua jaso zuen pilotuak. Agindua Koloniako kontrol-dorreak eman zion atzo.
A320 hegazkinean zihoazen lagun guztiak modu ordenatuan atera ziren. Aire-lineak nabarmendu duenez, bonba abisua jaso zuten eta horregatik eman zuten hegazkina husteko agindua, baina konpainiak ez du bestelako xehetasunik eman.
Konpainia bidaiariak beste hegaldi batzuetan sartzeko lanetan dago orain. Hegazkina, aldiz, lehergaiak atzemateko txakurrak erabiliz miatu dute azken orduotan.