Mundua -
Beste hilketa bat
Erretiratutako polizia batek gizonezko beltz bat hil du Oklahoman
Hiltzaileak azaldu duenez, deskarga elektrikoak jaurtitzen dituen pistola erabiltzen ari zela pentsatzen zuen, baina ez zen hala, eta tiroz hil du ihes egiten ari zen gizonezko beltza.
agentziak | erredakzioa
Polizia erretiratu batek gizonezko beltz bat hil du Tulsan, Oklahoma estatuan (AEB); izan ere, erasotzaileak esan du deskarga elektrikoak jaurtitzen dituen pistola erabiltzen ari zela pentsatzen zuela, baina konturatzerako tiroa jo diola ihes egiten ari zen gizonezkoari, ikerketan lan egiten ari den polizia batek CNNri jakitera eman dionez.
AEBetako telebista kateek zabaldutako bideo batean ikus daiteke Eric Courtney Harris hil duten gizonezkoa, korrika agenteengandik ihesi. Bukaeran, polizia erretiratuak tiro egiten dio, eta beste polizia batek lurrean dagoen hildakoa iraintzen du.
Ikertzaileetako batek esan du gertakarian parte hartu duten bi poliziak ez zeudela egoera psikologiko onean, iheslari bat harrapatu berritan zeudelako, estresak jota.
Jim Clark Tulsako poliziaburuaren arabera, Robert Bates 73 urteko polizia erretiratua da tiro egin eta gizona hil duena, eta "nahi gabe" egin omen du tiro.
Hildako gizonezkoa ezkutuko polizia bati pistola bat saltzen saiatu da, eta ihes egiten hasi da polizia zela ohartu denean. Agenteek Harris atxilotzera zihoazenean, Bates pipermin pistola batekin iritsi da eta deskarga elektrikoak jaurtitzen dituen pistola bat erabiliko zuela ohartarazi die agenteei. Horren ordez, pistola normal batekin egin dio tiro, eta barkamena eskatu du, hanka sartu duelako, bideoan bertan ere ikusi ahal denez.