Mundua -
Polemika
Mariano Rajoy 'arrazista' dela adierazi du Nicolas Madurok
Espainiako buruzagia “Venezuelaren aurkako maniobra guztien atzean” dagoela salatu du Madurok. “Espainiako Gorteek bere amaz iritzia eman dezatela”, erantsi du.
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea “arrazista” bat dela esan du Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak. Gainera, Rajoy “Venezuelaren aurkako maniobra guztien atzean” dagoela adierazi du Madurok. Venezuelako presidentea gaitzesteko legez besteko proposamena onartu du Espainiako Kongresuak. Oposizioko buruzagien atxiloketa gaitzetsi eta berehala askatzeko eskatu du Ganberak proposamenean.
“Espainiako Gorteek bere amaz iritzia eman dezatela, baina Venezuela utz dezatela bakean”, kritikatu du Venezuelako agintariak 'En Contacto con Maduro' telebista-programan.
“Bilatzen baldin badigute aurkituko gaituzte, eta topatu gaituzte dagoeneko. Rajoy zure abusuak bukatu dira. Venezuelari errespetua zor diozue, Espainia osoak jakin beza”, gaineratu du. “Espainiako elite ustelen” aurka egin du Madurok, “hegoamerikarrak, afrikarrak eta asiarrak mespretxatzen” dituztelako.
“Onartezinak”
“Maduro presidenteak Espainiaren kontra egindako azken adierazpenak, mehatxuak eta biraoak onartezinak” direla esan dio Espainiako Gobernuak Mario Isea Venezuelako enbaxadoreari.
Atzerri Ministerioak agiri batean azaldu duenez, Mariano Rajoyren Exekutiboak Venezuelako Gobernuaren kargudunen “duintasuna” errespetatu du beti.
Bestalde, Espainiako Gobernuak Venezuelako enbaxadorea deitu du protesta egiteko. Era berean, Venezuelako Kantzelaritzak Antonio Perez-Hernandez y Torra Espainiako enbaxadorea deitu du Caracasen.