Mundua -

Hego Korea

'Sewol' ferryaren hondoratzearen urteurrena gogoratu dute Hego Korean

Hego Koreako presidenteak hitz eman du ontzia hondotik aterako dutela eta oraindik galduta dauden bederatzi gorpuak erreskatatuko dituztela.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Hego Koreak gogoratu ditu ''Sewol'' itsasontzian hildako 304 lagunak

1:29

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela urtebete Koreako uretan hondoratu zen Sewol ferryaren urteurrena gogoratu dute ostegun honetan Hego Korean. Ezbeharrean 304 pertsona hil ziren eta horiek gogoratzeko hainbat omenaldi eta ekitaldi egin dituzte herrialde osoan zehar.

Park Geun-hye Hego Koreako presidenteak gaur hitz eman du ontzia hondotik ahalik eta azkarren aterako dutela eta oraindik galduta dauden bederatzi gorpuak berreskuratuko dituztela.

Estatuburuak hitzaldia eman du Jindo uhartean, hain zuzen ere, ontzia hondoratu zen tokitik milia batzuetara. Ekitaldi horretan tentsioa izan da nagusi, batez ere, biktimen familiek omenaldira ez joatea erabaki ondoren.

Biktimen familiak hainbat ekitaldi egin dituzte egunotan Jindo uhartean, senideen omenez, baina presidenteak parte hartu behar zuen ekitaldi horretara ez joatea erabaki dute protesta gisa. Izan ere, Sewol ontziaren ezbeharra argitzeko eta erantzukizunak zehazteko iaz abiatutako ikerketari boikota egitea leporatu diete senideek Park Geun-hye presidenteari eta haren gobernuari.

Bestalde, Ansan hirian, ezbeharrean hil ziren batxilergoko 250 ikasleei omenaldia egin diete. Lee Wan-koo lehen ministro hegokorearrak hiria bisitatu du eta biktimen senideek protestak egin dituzte; gainera, biktimak oroitzeko aldarera igotzea eragotzi diote.

Gutxi gorabehera 300 ekitaldi egingo dituzte egunean zehar herrialde osoan ezbeharrean hildakoak gogoratzeko, Gobernuak emandako datuen arabera.

Ontziko kapitainari, eskifaiako 14 laguni, ontziaren jabe den enpresako kide batzuei eta zenbait funtzionario publikori kartzela-zigorrak ezartzeko eskatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hego Korea