Mundua -

Eguneko lerroburuak

Apirilaren 21eko albisteak

Astearteari ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Immigrazioaren inguruko goi-bilera, ostegunean

Immigrazioaren drama aztergai izango dute Europar Batasuneko buruzagiek ostegun honetan, Mediterraneoan 1.000 lagun inguru hil ondoren. Aparteko batzarra izango da eta atzo Atzerri ministroek Luxenburgon hartutako neurriak izango dituzte mahai gainean Estatu eta gobernuburuek. Asteburuko zorigaitzaren ondotik, atzo bertan beste bi hondoratze izan ziren.

Agerraldi psikotikoa izan zuen 13 urteko mutikoak

Bartzelonako Joan Fuster institutuan irakasle bat hil eta lau lagun zauritu zituen adingabeak agerraldi psikotikoa eduki zuen. Irene Rigau Hezkuntza kontseilariak eman zuen berria, hilketak Kataluniako hezkuntza komunitatea hunkitu zuen egunean. Ikasleak etxean egindako balezta batekin irakasle bat eta ikaskide bat zauritu zuen eta, gero, arma zuri batekin eraso zion beste irakasle bati. Azken hau handik gutxira hil zen. Beste bi lagun-irakasle bat eta ikasle bat- ere arin zauritu zituen 13 urteko mutikoak. 14 urte beherako denez, ezin diote deliturik inputatu baina zaintzapean eduki dute, ospitale bateko psikiatria sailean. Dolu eguna da gaur Katalunian.

'Shaolin faltsua'ren kontrako hirugarren saioa

Juan Carlos Aguilarren aurkako epaiketak hirugarren saioa du astearte honetan. Atzokoan 'shaolin faltsua' auziaren instrukzioaz arduratu diren ertzainek eta Ada Otuya laguntza eske ikusi zuen lekukoak deklaratu zuten. Bestalde, Manuel Ayo Epaimahaiko Auzitegiaren magistratu-presidenteak erabaki zuenez, beste bi urtez luzatuko diote Aguilarri behin-behineko espetxealdia, "ihes egiteko arriskua" dagoela argudiatuta. Gaur perituek deklaratuko dute.

Osakidetzaren greba, bere horretan

Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatuek ostegun eta ostiralerako deitutako 48 orduko greba bere horretan dago. Mahai Sektoriala bildu zen atzo, baina aldeen arteko akordiorik egon ez denez, euren deialdiari eutsi diete langileen ordezkariek. Sindikatuen aburuz, zuzendaritzak ez du hobekuntzak egiteko eta enplegua ez suntsitzeko asmorik. Hala, grebara deitu dituzte Osakidetzako 35.000 lagunak.

Zuzendaritzaren ustez, ordea, atzo mahai gainean jarritako proposamenean hobekuntza nabarmenak daude ordezkapenen, garapen profesionalaren edo mugikortasunaren alorrean. Hori horrela, greba deialdia "gehiegizkoa" dela uste du Osakidetzak.

Maiatzean ere bilera gehiago egiteko proposamena helarazi die Osakidetzak sindikatuei.

Gau txarra Realarentzat

Ligaren azken txanpan postu ona bat eskuratzeko aukera galdu zuen atzo Realak, Elxen 1-0 galduta. Oso ahula izan zen David Moyesen taldea, eta ez zion Elxi arazorik sortu.

Bestalde, Kopako finala (maiatzaren 30ean, Bartzelonan) ikusteko sarreren nondik norakoen berri emango du gaur Athleticek. 38.000 zale zuri-gorri izan ahalko dira Camp Noun, baina horietatik zenbat zozkatuko dituen argitu behar du Athleticek. 40-190 euro artean izango dira salgai. Aurreikuspenen arabera, bost bazkideetatik lauk sarrera izango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak