Mundua -
Estatu Batuak
Prostituzio eskandalu batek AEBko Drogen Aurkako Agentzia astindu du
DEAko hainbat agentek "festa sexualak" egin zituzten hainbat urtez, droga-trafikoaren kontrako borrokan atzemandako diruarekin ordainduta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Michele Leonhart Ameriketako Estatu Batuetako Drogen Aurkako Agentziako (DEA) zuzendariak dimisioa eman du, agentzia hori astindu duen prostituzio eskandalu baten ondorioz.
Justizia Departamentuak martxoaren 26an jakitera eman zuenez, DEAko hainbat agentek "festa sexualak" egin zituzten hainbat urtez, droga-trafikoaren kontrako operazioetan atzemandako diruarekin ordainduta. Prostitutak kontratatzen zituzten jai horietarako.
Ordezkarien Ganberako Ikuskaritza Batzordearen ustez, Leonhart zuzendariak eskandaluaren aurrean "ez ikusiarena egin du" edota "onartu egin du". Horrenbestez, harekin zuten konfiantza galdu dutela gaineratu du.
DEAko agenteek Kolonbian egiten zituzten festak, AEBren eraikin ofizialetan, "ordenagailuak eta sakelako telefonoak" aurrean zituztela. Horregatik, festa horiek droga-trafikatzaileen aurkako operazioak "arriskuan" jartzen zituztela esan du Justizia Departamentuak.
Era berean, festetan parte hartzen zuten agenteak "estortsio edo xantaia arriskuan" zeudela gaineratu du.