Mundua -
Eguneko lerroburuak
Apirilaren 24ko albisteak
Egunari ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.
E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Zorigaitza Mediterraneoan
Frontex Mugak zaintzeko Europako Agentziaren 'Triton' eta 'Poseidon' operazioetara bideratutako diru partidak hirukoiztea erabaki dute Europar Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek. Helburua, Mediterraneoko urak hobeto zaintzea eta pertsona-trafikatzaileen jarduna eragoztea da. Libiako kostaldean izandako tragedia berriz gertatzea saihestu nahi dute Europako buruzagiek.
Langabezia datuak
1.300 langabe gutxiago zenbatu dituzte 2015eko lehen hiruhilekoan EAEn eta Nafarroan. Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 219.100 pertsona daude lan barik Hego Euskal Herrian.
EAEri dagokionez, 2.900 lagun gutxiago daude lan bulegoetan izena emanda urtarrila eta martxoa artean (171.000 langabe eta % 16,43ko tasa).
Nafarroan, gora egin du lan barik daudenen kopurua, 1.600 pertsona (% 3,43), zehazki, eta guztira 47.900 langabe zenbatu dituzte. Foru Erkidegoan, langabezia-tasa % 15,66koa da, Estatuko txikiena.
Osakidetzan, bigarren greba eguna
Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatuek deituta, greba eguna dute gaur Euskal Osasun Zerbitzuan. Lan baldintzak hobetzeko eta murrizketak bazterrean uzteko aldarriak entzungo dira, bigarren egunez.
SATSE, ELA, LAB, SME-FFHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek manifestazioa deitu dute eguerdirako, Bilbon. Atzoko greba egunaren jarraipena "positibo"tzat jo dute langileen ordezkariek, ezarritako gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" izan arren. Osakidetzaren arabera, % 7,3koa izan da grebaren jarraipena.
'Shaolin faltsua'ri ezarritako zigorra ezagutuko dugu gaur
Juan Carlos Aguilar bi emakume kolpatu eta hiltzea egotzita epaitzen ari diren gizonezkoari ezarri beharreko zigorra eztabaidatzen ari dira atzo eguerditik zinpeko epaimahaia osatzen duten kideek. Bost gizon eta lau emakume dira. Bi eguneko epea dute, baina litekeena da epaia gaur bertan jakinaraztea. Errudun joko dute Aguilar, baina ankerkeriaz jokatu zuen ala ez ere erabaki behar dute, eta hor zalantza handiagoak daude.
Kordoba-Athletic
Athleticek Kordobari irabaztea nahi du Ernesto Valverde entrenatzaileak, Malagari zazpigarren posturako borrokan presioa sartzeko. Malagak zuri-gorriek baino hiru puntu gehiago dauzka, eta gol averagea alde, eta partida ez du igandera arte jokatuko.