Mundua -
Libiako kostako naufragioa
Espetxeratu egin dute hondoratutako ontziko kapitaina
27 urteko tunisiarrak akusazioak ukatu ditu, eta "beste etorkin bat" baino ez zela esan du. 800 etorkin baino gehiago zeramatzan ontzia hondoratu egin zen joan den larunbatean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Italiako epaile batek prebentziozko espetxeratzea ezarri dio Mohamed Ali Malek joan den larunbatean Libiako kostaldean hondoratutako ontziaren ustezko kapitainari, Fiskalak hilketa eta pertsonen salerosketa leporatu ostean.
Malek 27 urteko tunisiarra da, eta ontziaren arduraduna zela ukatu egin du. Ontzia jendez gainezka zegoen, eta joan den apirilaren 18ko azken orduan hondoratu zen, ehunka etorkin itsasoaren mende utzita (horietako asko, ontziaren barruan giltzapetuta zeudela).
Massimo Ferrante Maleken abokatuak esan duenez, "beste etorkin bat" baino ez zela esan du tunisiarrak, eta bidaia egiteko txartelaren prezioa ordaindu zuela gaineratu du.
Hala ere, Malekek eta Mahmud Bikhit siriarrak atxilotuta jarraitzea eskatu du Giovanni Salvi fiskalak. Biak astelehenean atxilotu zituzten, bizirik atera ziren etorkinekin batera Siziliara heldu zirenean.
28 etorkin bakarrik erreskatatu zituzten bizirik naufragiotik. Mediterraneo itsasoan azken hamarkadetan izandako ezbehar larriena dela diote.
Europar Batasunera heltzeko bide nagusienetarikoa da itsasoa, eta bide hori erabili ohi dute Asiatik eta Afrikatik datozen milaka etorkinek. Aurten 40.000 lagunetik gora heldu dira Europako herrialdeetara itsasoz.