Mundua -
Eguneko lerroburuak
Katmandu, Barcenas eta Gaizka Garitano, astearteko protagonista
Egunari ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.
E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Katmandu, zauriak sendatzen
Errepliken beldur dira oraindik Nepalgo hiriburuan, Katmandun. Berez nahikoa dramatikoa den egoera are gehiago gaiztotu daiteke. Hildakoak guztira 10.000 izan daitezkeela ohartarazi du lehen ministroak. Katmandu ihesaren hiriburu bilakatu da; izan ere, ur eta janari eskasia dago bertan, eta jendeak alde egiteari ekin dio. Bien bitartean, AEBk, Txinak, Pakistanek eta Indiak bidali duten laguntza humanitarioa heltzen hasi da. Europako Batzordeak hiru milioi euro bideratuko ditu.
Lurrikararen egunean Nepalen 38 euskal herritar zeudela zabaldu zen atzo. Denak onik daude, ospitalean dagoen lagun bat kenduta. Azken hau, lurrikara baino lehen zauritu zen, ordea. Bestalde, espainiar nazionalitatea duten 118 lagun aurkitzen saiatzen ari da Atzerri Ministerioa. Espainiarrak ebakuatu dituen bigarren hegaldia goizean heldu da Indiara.
Bakegintzaren eztabaida, mahai gainean
Bake eta Bizikidetza Lantaldea 'desblokeatzeko' deia egin dio Eusko Jaurlaritzak EH Bilduri. Hala, bere proposamenak mahai gainean jarri eta akordioak lortu ahalko ditu. Koalizioak asteburuan Bakerako 'Euskal Bidea' aurkeztu ostean, erantzun hori eman dio Iñigo Urkulluren gobernuak. Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak atzokoan azpimarratu zuenez, ETA armagabetzearen inguruko batzorde batean parte hartzeko gonbita egin zien Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, Frantziak eta Espainiak halako asmorik ez dutela argudiatuta.
Hitzetatik harago, "egingarriak diren ekimenak" edo ekintzak aurrera eraman behar direla uste du Jaurlaritzak, eta Sorturen eta EH Bilduren esku utzi du hitzetatik ekintzetara pasatzea.
Rajoy, agintean beste lau urte egoteko prest
Maiatzeko hauteskundeetan zer gerta ere, Espainiako hauteskundeetarako PPren hautagaia izan nahiko luke Mariano Rajoyk. Berez, 2014 amaieran egin beharko lirateke bozak, baina irailera (27an dira Kataluniakoak) aurreratzea ez du baztertu gobernuburuak.
Atzokoan egin zituen adierazpenok PPren buruzagiak, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak Luis Barcenas popularren diruzain ohiaren kontrako akusazioa jakinarazi zuen egun berean. 2008an hainbat enpresaburuk emandako dohaintzak deklaratu ez arren, Fiskaltzak ez du uste PPk delitu fiskalik egin zuenik. Dena dela, PPk "erantzukizun zibil subsidiarioa" baduela uste du. Luis Barcenasi eta Alvaro Lapuertari, ordea, delitu fiskalak egitea, ondasunez bidegabe jabetzea eta dokumentuak faltsutzea egotzi die, eta bosna urteko kartzela zigorra eskatu du.
Garitano babestu dute
Gaizka Garitanok lankide eta futbol munduko profesionalen babesa jaso du azken orduetan. Pep Guardiola Municheko Bayern taldeko entrenatzaileak hizkuntza aniztasunaren aldeko aldarria egin zuen atzokoan, Alemaniatik eta katalanez. Ernesto Valverdek eta Luis Enriquek ere Eibarko teknikariaren alde egin zuten. Facebooken eta Twitterren bolo-bolo dabil auzia. Almeriak prentsa aretoan igandean gertatutakoa deitoratu eta euskaraz hitz egiteagatik kexu agertu ziren bi kazetarien jarrera ezin dela estrapolatu nabarmendu du.
Arabarren egun handia
San Prudentzio da gaur, Arabako patroiaren eguna. Apirilaren 28a jaieguna da Araban, eta arabarrek ezin dute festa bat galdu: Armentiako landetan egiten den erromeria. Ohiturari jarraiki, milaka lagun bilduko dira Gasteiz kanpoaldean. Ekitaldiak 11:00etan hasiko dira, San Prudentzioren omenezko mezarekin. Ondoren, herri kirolak, dantzariak eta erromeria izango dira. Perretxikoak eta barraskiloak ezin falta gaurko menuan. Gasteiz erdigunean, etxeko txikiak izango dira protagonista, danborrada egingo baitute 18:00etatik aurrera.