Mundua -

Eguneko albiste nagusiak

Nepal, Baltimore eta polizia gehiegikerien biktimak, hizpide

Hona hemen, asteazken honetan hedabideetako izenburuak hartuko dituzten bost albiste nagusiak.

I. A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia gehiegikerien dekretuaren zati bat, baliogabetuta

Eusko Jaurlaritzak polizia gehiegikeriak jasandako biktimei laguntzak emateko dekretuaren zati bat baliogabetu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Estatuko Abokatutzaren helegite bati men eginda. Jaurlaritzak jada iragarri du ez duela helegiterik jarriko, eta gaur hasiko da dekretuaren zenbat alde tekniko berrikusten.

Dekretua Patxi Lopez buru zuen gobernuak onartu zuen 2012ko ekainean, eta gerora, 2013ko urrian, moldatu zuen Jaurlaritzak. Estatuko Abokatutzak helegitea jarri zuen horren kontra, eta orain etorri da auzitegiaren erabakia.

1960 eta 1978 artean "izan zen motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan" giza eskubideen urraketak jasan zituztenei eragiten die dekretuak. Dokumentuan zehazten denez, motibazio politikoko indarkeria funtzionarioek pertsonen eskubideen kontra egiten dutena da, gizarteari eragin nahian eta zigorgabetasun testuinguru batean. Ekintza terroristak egiten ari zirenean kaltetutakoak ez ditu aintzat hartzen.

Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ahotan, epaiak ?ez du zalantzan jarri biktimei kalte-ordaina emateko premia?. ?Alde teknikoak? bakarrik baliogabetu dituela erantsi du Hernandok.

Espainiak atxilotuei ezartzen dien inkomunikazioa kritikatu du NBEk

Nazio Batuen Erakundeko Torturaren aurkako Batzordeak Espainiako Estatuak atxilotuei ezartzen dien inkomunikazio erregimena kritikatu du, gehiegizkoa eta baldintza txarretan ematen delako. Espainiako Estatua Torturaren aurkako Hitzarmena betetzen ari ote den aztertzen hasi zen atzo batzordea, eta gaur jarraituko du lan horretan.

Atzo bileraren ostean egindako agerraldian hitza hartu zuten bederatzi batzordekideetako zazpik inkomunikazio erregimena izan zuten hizpide, eta nola aplikatzen den kritikatu zuten. "Kritika dezente jaso ditugu inkomunikazio erregimenaren inguruan. Terrorismoak ez du inolako justifikaziorik, baina ezta gehiegikeriek ere. Ez da ahultasun kontua, baizik eta zuzenbide estatuaren indarra", adierazi zuen Cladio Grossman Espainiako Estatuko txostena egingo duen batzordeko presidente eta errelatoreak.

Bestalde, Alessio Bruni batzordekideak inkomunikazio epearen luzapena izan zuen hizpide, eta 14 egun baino gehiago ezin dela luzatu nabarmendu zuen. Horren harira, 42 egunera arteko inkomunikazioen berri izan dutela azpimarratu zuen, eta preso horien osasun egoeraren berri jakin nahi duela gaineratu.

carcel iruña

carcel iruña

5.000 hildako baino gehiago, Nepalen

Dagoeneko 5.000 pertsona baino gehiago hil dira eta zortzi milioi kaltedun utzi ditu lurrikarak. Bien bitartean, nazioarteko laguntza banatzen hasi dira eta bakarturik geratu diren herrialdeetara heltzen saiatzen ari dira.

Hiru dolu-egun izango dira Asiako herrialdean. 5.057 hildako, 10.915 zauritu eta 454.769 desplazatu utzi ditu lurrikarak, Larrialdietarako Zentro Nazionalak eskainitako azken zenbaketaren arabera. Hondamendi Kasuetako NBEren Ebaluazio eta Koordinazio Taldeak (UNDAC) ohartarazi duenez, hondakinen artean bizirik dauden biktimak aurkitzeko denbora amaitzen ari da.

Larunbatean Nepal astindu zuen lurrikarak gutxienez 8 milioi kaltedun utzi ditu herrialdean, Nazio Batuen Erakundearen esanetan. "Azken kalkuluen arabera, 8 milioi kaltedun daude 39 barrutitan; horietatik, bi milioi 11 barruti kaltetuenetan bizi dira", zehaztu du.

Baltimoren, egoera baretu ezinda

Etxeratze-agindua indarrean sartu da Baltimore hirian (Maryland, AEB), 22:00etan (04:00ak, Euskal Herrian), eta Segurtasun Indarrek kaleak hustu dituzte. Harrezkero, enfrentamendu bakan batzuk izan dira, baina ez atzo jazotakoak bezain bortitzak.

Azken egunetan protesta baketsuak egin dituzte hiri horretan, gazte beltz baten heriotza salatzeko. Freddie Gray apirilaren 19an hil zen, Poliziaren esku zegoela. Astelehenean, haren aldeko hileta egin zuten, eta istilu bortitzak izan ziren hileta bukatutakoan. Horren ondorioz, agintariek larrialdi egoera eta etxeratze-agindua ezarri zituzten. Gaur gauean, herritar gehienak etxera joan dira, baina batzuek ez dute Poliziaren agindua bete, eta agenteei objektuak jaurtitzen hasi dira, Segurtasun Indarren arabera. Hori dela eta, istiluak izan dira hiriko zenbait tokitan.

Bana bukatu dute Athleticek eta Realak San Mamesen

Reala Athletic baino hobea izan zen lehenengo zatian, baina golik gabe bukatu zuten biek. Gauzak aldatu egin ziren bigarren zatian. Neurketako jokaldia 52. minutuan heldu zen. Mikel Gonzalezek Adurizi egindako penalti bat adierazi zuen epaileak, eta txartel gorria erakutsi zion. Athleticeko aurrelari donostiarrak sarera bidali zuen baloia.

Gertu egon zen Aduriz bigarren gola egitetik, artazia eginez, baina gutxi iraun zuen etxekoen pozak. De la Bellak, Ruben Pardoren pase bikain baten ostean, Iraizozen atean sartu zuen baloia, eta berdinketa jarri zuen markagailuan.

Azken hilabeteetako Realik onena erraz suspertu zen, golari esker. Bat gehiagorekin aritu arren, Athleticek galduta jarraitu zuen zelaian, akats gehiegi eginda. Aurrean izan zuen taldea ez zen neurketa oparitzeko prest agertu.

MAM-eko argazkia: derbi_

MAM-eko argazkia: derbi_

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak