Mundua -
Etxeratzeko agindua Baltimoren
Istiluak izan dira Philadelphian, beste protesta egun batean
Bi pertsona atxilotu dituzte Philadelphiako (Pennsylvania) martxan. Baltimoren (Maryland), ostera, etxeratzeko agindua errespetatu dute manifestariek.
Agentziak | Erredakzioa
Poliziaren gehiegikerien aurkako protestek jarraitu dute AEBetan. Manifestazio baketsuak izan dira nagusi, Philadelphian izan ezik. Hiri horretan manifestarien eta polizien arteko istiluak izan dira. Protestek indarra hartu zuten astelehenean, Freddie Gray gazte afroamerikarra Poliziaren esku hil eta gero.
Philadelphiako martxan bi pertsona atxilotu dituzte. Philadelphia Pennsylvaniako hiri nagusia da, eta AEBetako bosgarrena. Hiriko biztanleriaren % 44 afroamerikarra da. Manifestarien eta poliziaren arteko liskarrak izan dira hirian, CNNk jakitera eman duenez. Manifestariak errepideak ixten saiatu dira.
Freddie Grayren heriotza gertatu berria da, baina istilu gutxi izan dira AEBetako kaleetan. Horrela, Baltimoren (Maryland) etxeratzeko agindua errespetatu dute manifestariek. Protesta bortitzenak bertan gertatu ziren astelehenean eta 200 lagun atxilotu zituzten liskarretan. Segurtasun dispositibo handi batek hiriko kaleak hartu ditu.
Hala ere, datozen egunetan manifestazio gehiago izatea espero dute agintariek. Seattle, Portland eta Oaklanden martxak deitu dituzte.
Ikerketa
Apirilaren 19an, ospitalean, Freddie Grayri heriotza eragin zion lesioa atxiloketan zehar egin ziotela baieztatzeko frogarik ez du aurkitu Poliziak ikerketan, ABC telebistako filial lokal batek jakitera eman duenez.
Poliziaren txosteneko eta talde medikoaren ondorioak aipatzen ditu telebistak. Grayren gorpua aztertu duen medikuak ondorioztatu duenez, gaztea furgonetako atzealdearekin talka egin zuenean larri zauritu zen. Kolpeak lepoa hautsi zion. Lesio larriak gaztea hil zuen egun batzuk geroago.
Gray buruan ere zauritu zela azaldu dute Poliziako iturriek. Zauria ibilgailuaren atzealdeko buloi batekin egin zuela erantsi dute.