Mundua -
Baltimore
Fiskaltzak karguak aurkeztuko dizkie 6 poliziari Grayren heriotzagatik
Agenteetako bati hilketa leporatzen diote, eta beste biri nahi gabe egindako homizidioa.
agentziak | erredakzioa
Maryland estatuko (AEB) Fiskaltzak karguak iragarri ditu Baltimoreko sei poliziaren aurka Freddie Gray gazte beltzaren heriotzagatik, hainbat ikerketaren emaitzak kontsultatu ostean.
Marilyn Mosby Baltimoreko fiskalak prentsaurreko batean azaldu duenez, Grayren atxiloketa "legez kanpokoa" izan zen, eta balizko homizidioagatik aurkeztuko ditu karguak, deliturik egin ez zuen 25 urteko gaztearen heriotza dela eta.
Agenteetako bati hilketa leporatzen diote, eta beste biri nahi gabe egindako homizidioa. Gainerakoei legez kanpoko atxiloketa eta betebeharrekin ez konplitzea egotziko diete.
Freddie Gray aurreko apirilaren 19an hil zen, astebete lehenago atxilotu zutenean bizkarrezurrean egindako lesioengatik koman egon ostean.
Grayren heriotzak protesta oldarraldia piztu zuen Baltimoren, eta istilu larriak izan ziren hiri osoan. Ondorioz, larrialdi egoera ezarri zuten hiri estatubatuarrean, eta asteartetik etxeratze-agindua dago indarrean.
Obama: "hil ala bizikoa da" egia jakitea
Barack Obama AEBko presidenteak esan du "hil ala bizikoa" dela Freddy Grayren inguruan "egia jakitea", eta justizia egitea.