Mundua -
Nepaleko lurrikara
Castiñeyra mendizale donostiarra: 'Odisea bat izan da'
Zaragozan dago jada, eta bertan artatuko dizkiote lurrikararen aurretik jasandako izozketak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Castiñeyra mendizale donostiarra, Nepalgo lurrikarak Katmanduko ospitale batean harrapatu zuena, Zaragozan dago jada, eta bidaia "odisea bat" izan dela aitortu du.
Eskalatzaile gipuzkoarra Annapurna igotzen saiatu zen, baina kale egin zuen, eta ospitalean zegoen izozketak artatzeko lurrikara gertatu zenean. Zaragozako ospitalean Ricardo Arregui izozketetan adituak artatuko du.
Bertara iritsi denean, mendizaleak salatu du "enbaxadako koordinazioa oso txarra" zela, baina gero "oso ongi" portatu direla berekin.
"Esan didate ez zekitela bertan nengoenik eta larri nengoela, eta apur bat isolatuta sentitu naiz lehenengo egunetan. Gero, eskerrak iristea lortu dudan", azaldu du.
Iñigo Castiñeyrak azpimarratu du bereziki mindu zela, arrebak enbaxadara deitu eta mendizalea "ez zela lurrikararen kaltedun, biktima" esan ziotenean: "Nola ez naiz ba kalteduna izango lurrikara gertatu baino sei ordu lehenago ospitalera iritsi eta tratamendu berezia behar badut?".
Hala eta guztiz ere, alpinistak esan du ulertzen duela "hil edo bizi" egoeran zegoen jendearen aurrean berak lehentasunik ez izatea. "Ikaragarrizko mina nuela esaten nien. Ez zidaten ezer ematen, baina jendea hiltzen ari zen, eta ni baino okerrago zeudenez, negar egitea eta eustea besterik ez zitzaidan geratzen", gogorarazi du.
Castiñeyrak esan du lurrikararen ondorengo lehenengo egunak "oso gogorrak" izan zirela, eta gero egonkortzen joan zela, baina okerrena "kasurik ez" egitea zela.
Mendizalea Bartzelonatik Zaragozara joan da, Pragan eskala egin eta atzerapen batzuen ostean, Nepaletik iritsita.
Himalaiazalea behin baino gehiagotan egon da Nepalen, eta une honetan herrialdea "hankaz gora" dagoela eta "bertan daudenak lehenbailehen" atera behar direla azpimarratu du.