Mundua -
Italia
Milango Erakusketa martxan jada, elikaduraren erronkei aurre egiteko
Erakusketa Unibertsalak 110 hektareako eremua hartu du, hiri italiarreko kanpoaldean, eta datozen sei hilabeteetan zabalik egongo da.
Agentziak | Erredakzioa
Milango (Italiako iparraldean) Erakusketa Unibertsala martxan da dagoeneko atzo, ostirala, ateak ireki eta gero. Elikaduraren erronkak XXI. mendean da datozen sei hilabeteetako ardatza.
Feria normaltasunez zabaldu zuten. Jende askok bat egin zuen inaugurazio ekitaldian, hala nola, hedabideak eta bertoko langileak; guztira, 16.000 lagun.
Sergio Mattarella Errepublikako presidenteak Erakusketa "mugarri izatea" eskatu du, munduko biztanle denak elikatzea "ezinbestekoa baita".
Eremuak 110 hektarea hartu ditu eta Milango kanpoaldean dago, iparraldean, hiritik 16 bat kilometrora. Bertara, trenez, autoz eta metroz hel daiteke, hiriburutik.
"Lau aberaskume"
Matteo Renzi Italiako lehen ministroak ziurtatu duenez, "lau aberaskumek ez dute Erakusketa Unibertsala zapuztuko", Milanen atzo izandako istiluak direla eta.
Halaber, gaineratu duenaren arabera, "italiarrek badakite noren alde egon behar dute. Jaia zapuzten saiatu dira, baina Milan gizontxo horiek pentsatzen dutena baino indartsuagoa da".
Renzik, era berean, segurtasun indarren lana eskertu du; "lan fina egin zuten eta ez zieten kasurik egin probokazioei"; gainera, Milanoko bizilagunen jarrera txalotu du, "berehala" atera baitziren kalera "garbitzeko".
Liskarrak Milanen
Milango Erakusketa Unibertsalaren aurkako manifestazioan liskar handiak izan ziren Poliziaren eta manifestarien artean. Erakusketak polemika piztu du Milanen, uste baino milioi euro gehiago bideratuko dituztelako.
Italiako hedabide batzuen arabera, kaputxadun manifestariak ?black bloc? talde ezaguneko kideak ziren. Poliziaren aurka harriak eta suziriak bota zituzten Magenta kalean.
Hasiera batean, Poliziak presiopeko ura erabili zuen manifestarien aurka baina, ondoren, gas negar-eragilea ere erabili zuten.