Mundua -

Tentsioa itsas-mugan

Ipar Koreak irismen txikiko hiru misil bota ditu

Bestalde, "zonaldean tentsioak areagotzen dituzten ekintzak bertan behera uzteko" eskatu diote AEBk Ipar Koreari.

Kim Jong-un Ipar Koreako burua, urpeko misil balistikoaren jaurtiketa ikusten. Argazkia: EFE
Kim Jong-un Ipar Koreako burua, urpeko misil balistikoaren jaurtiketa ikusten. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Koreak ontzien aurkako eta irismen txikiko hiru misil jaurti ditu ekialdeko kostaldean, bi Koreen arteko itsas-mugan hainbat istilu izan ostean, gaur Seulek jakinarazi duenez.

Botatako misilak KN-01 modelokoak izan dira, eta Wonsan probintziako kostaldetik jaurti dituzte 16:25-17:25 tokiko ordu artean (07:25-08:25 GMT), Yonahp tokiko albiste-agentziari Hego Koreako hainbat iturri militarrek esan diotenez.

Itsas-muga gaindituz gero, Hego Korearen ontzi militarren aurka tiro egingo zuela ohartarazi zuen Ipar Koreak atzo. Izan ere, Hego Koreako hainbat defensa-txalupa hirutan sartu ziren Ipar Koreako uretan maiatzaren 1 eta 7 bitartean, eta hori "probokazio militartzat" jo du Ipar Koreak.

Gainera, Ipar Koreako erregimenak urpeko misil balistiko bat jaurti du lehen aldiz, eta Kim Jong-un Ipar Koreako burua izan da froga hori hurbiletik jarraitzen, KNCA albiste-agentziak zabaldu duenez.

Jaurtiketa ezezaguna den leku eta data batean izan da, baina frogak agerian utzi du Ipar Koreak baduela urpeko misil balistikoak botatzeko beharrezkoa den teknologia.

Tentsioa AEBkin

Bestalde, gaurko gertaerari aipamen zehatz egin gabe, "zonaldean tentsioak areagotzen dituzten ekintzak bertan behera uzteko eta, hitzartutako  konpromisoak bete ditzan, neurriak hartzeko" eskatu diote AEBk Ipar Koreari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ipar Korea Albisteak