Mundua -

Dzhokhar Tsarnaev

Heriotza-zigorra, Bostongo maratoiaren aurkako erasoen egileari

Epaia zirkinik ere egin gabe entzun du Dzhokhar Tsarnaevek. Zigortua akabatzeko beste estatu batera eraman beharko dute, Massachusettsen heriotza-zigorrik ez dagoelako.

Epaia zirkinik ere egin gabe entzun du Dzhokhar Tsarnaevek. Irudia: EFE
Epaia zirkinik ere egin gabe entzun du Dzhokhar Tsarnaevek. Irudia: EFE
Heriotza zigorra ezarri diote Dzhokhar Tsarnaevi

1:38

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2013an, Bostongo maratoiaren aurka egindako erasoen erruduntzat jo zuten Dzhokhar Tsarnaev apirilean. Gaur epaimahaiak epaia irakurri du eta heriotza-zigorra ezarri dio.

Epaimahaiko 12 kideek, zazpi emakumek eta bost gizonek, aho batez hartu dute erabakia. Honenbestez, 21 urteko Tsarnaev txetxeniarra heriotzaren korridorera bidali dute, Bostongo Fiskaltzak Twitter sare sozialean jakitera eman duenez.

Horrela, epaimahaiak Fiskaltzaren bertsioari babesa eman dio. Akusatuak jihadaren izenean kalterik handiena egin nahi izan zuela defendatu du fiskalak epaiketan. Tsarnaeven abokatuek, ostera, bi lehergailuak jartzeko orduan Tamerlan anaiak nahastu zuela argudiatu zuten.

Epaia zirkinik ere egin gabe entzun du Tsarnaevek, prozesu guztian azaldu duen jarrera bera. Hala ere, duela bi aste Errusiako izeba bat deklaratu zuenean, lekukoa negarrez hasi zen eta akusatua ere.

Lekualdaketa

Heriotza-zigorra maila federalean eskatu zuten; izan ere, Massachusettseko estatuak praktika indargabetu zuen 1980ko hamarkadan.

Tsarnaev Bostongo erasoak efe

Tsarnaev Bostongo erasoak efe

Irudia: EFE

Ondorioz, zigortua hiltzeko beste estatu batera eraman beharko dute. Baliteke Indianara eramatea eta injekzio hilgarri batekin akabatzea.

Hiru eguneko eztabaida behar izan du epaimahaiak erabakia hartzeko. Defentsaren eta Fiskaltzaren azken alegatuak entzun eta gero asteazkenean hasi ziren eztabaidatzen.

Iragan apirilean, epaimahaiak Tsarnaev erruduntzat jo zuenean, eztabaidak 11 orduko iraupena izan zuen. Epaimahaiko kideek bi egun behar izan zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak berriak Atentatuak albisteak