Mundua -
Afganistan
Gutxienez hiru lagun hil dira atentatu suizida batean, Kabulen
Talibanek erasoa bere gain hartu dute, eta atentatu gehiago iragarri dituzte NATOko tropen egonaldia 2016tik harantz luzatzeko erabakiaren aurka daudelako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez hiru lagun hil, horietako bat atzerritarra izanda, eta beste 18 zauritu dira gaur Kabuleko Nazioarteko Aireportutik gertu nazioarteko tropen konboi baten aurka izandako atentatu suizida batean, iturri ofizialek jakinarazi dutenez.
Atzerriko indarren konboi baten aurka lehergaiez betetako ibilgailu bat lehertu du erasotzaileak, Kabuleko 15. Barrutian, NATOko eraikin militar batetik gertu, Homayoon Ain Barne Ministerioko Larrialdietarako buruzagiak.
Halaber, EUPOL Europar Batasunak Afganistanen duen polizia-misioko kide bat bertan hil dela jakinarazi dute. Gainerako hirurak arin zauritu dira, eta zonalde seguru batera eraman dituzte.
Hildakoen artean bi emakumezko eta erasotzailea daude, Sediq Sediqqi Afganistango Barne Ministerioaren bozeramaileak Twitterren bidez jakinarazi duenez. Zaurituei dagokienez, berriz, hiru adingabe daude, zortzi emakumezko eta gainerako zazpiak gizonezkoak dira.
Talibanek erasoa bere gain hartu dute, eta atentatu gehiago iragarri dituzte NATOko tropen egonaldia 2016tik harantz luzatzeko erabakiaren aurka daudelako. Gainera, bake-negoziazioei ekiteko, halabeharrez atzerriko indarrak Afganistanetik irteteko eskatzen dute. Amaitzeko, gaurko atentatuan zazpi soldadu atzerritar hil direla esan dute.
NATOren borroka-misioa 2014ean amaitu zen, eta orduan 4.000 soldaduk osatutako operazioa abiatu zuen. Ondoren, osagai militarra duten zibilak bidaliko ditu bertara.
AEBek, berriz, "terrorismoaren aurkako" misioari eusten diote. Afganistanen 11.000 soldadu inguru ditu, eta bertan 2016raino egotea aurreikusi dute. Dena dela, operazio horren iraupena kolokan dago.