Mundua -

Immigrazioa

Migrazio-mafien aurkako itsas-misioa adostu nahi du Europar Batasunak

Europar Batasuneko Atzerri eta Defentsa ministroak bihartik aurrera bilduko dira, xede izanik etorkinen legez kanpoko trafikoaren aurkako neurriak adostea.

Mediterraneoan itsas-misioa abiatzea nahi du Europar Batasunak. Argazkia: EFE
Mediterraneoan itsas-misioa abiatzea nahi du Europar Batasunak. Argazkia: EFE
Mediterraneoan itsas-misioa abiatzea nahi du Europar Batasunak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Atzerri eta Defentsa ministroak bihartik aurrera bilduko dira, eta Mediterraneoan etorkinen legez kanpoko trafikoaren aurkako neurriak adostea espero dute.

Besteak beste, migrazio-mafien aurkako itsas-misio bat abiatzea nahi dute, eta litekeena da horrek ekartzea NBEren babespean mafiek erabilitako ontzien suntsipena.

Etorkinen trafiko-sareen aurka borrokatzeko asmoz, neurriak prestatzen dabil azken asteetan Europar Batasuna, Libiatik bereziki etorritako lagun kopurua azkenaldian nabarmen areagotu baita. Gainera, etorkin horien hondoratze kopuruak ere gora egin du, eta ehunka lagun dagoeneko itota hil dira.

Litekeena da neurri horiek bihar bertan gauzatzea, eta Europar Batasuneko Defentsa eta Komuneko Segurtasun Politikaren barnean, itsas-misio hori martxan jartzeko lehenengo aurrepausoak ematea. Ildo horretan, baliteke Atzerri eta Defentsa ministroek misio horren 'kudeaketa kontzeptua' onartzea.

Lehentasuna, negoziazioa

Operazio handi baten aurreneko urratsa ekarriko luke horrek, baina misioa ez lukete orain abiaraziko, aurrerago baizik, Europar Batasunak ekainean egingo duen goi-bileran, esaterako, Federica Mogherini EBko diplomazia-arduradunak jakitera eman duenez.

Dena dela, zuhurtziaz aritzeko eskatu du Espainiak, misioa abiatzeko epeak zehaztu ez baitira. Gainera, Libiako taldeen arteko elkarrizketa sustatzen ari da NBE, bertan batasun Gobernua lortu dezaten. "Gure lehentasuna negoziazioa da", esan du Nazio Batuen Erakundeak Libian duen arduradun Bernadino Leonek.

Europar Batasunak epeka antolatutako misioa planteatu du, baina litekeena da Libiako Gobernuaren oniritzia behar izatea, eta hori egun ezinezkoa da, behintzat Libiak batasun Gobernua izan edo NBEko Segurtasun Kontseiluak agindu arte.

Lehenik eta behin, misio horrek Mediterraneoko uretan egondako etorkinak erreskatatuko lituzke, eta geroago, mafia horretako itsasontzien aurka egingo luke, azkenean, ontzi horiek hondatuta (eta horretarako Libiako Gobernuaren edo NBEren oniritzia beharko lukete).

Txina eta Errusia zalantzati agertu dira, mafien ontziak hondatzea "nazioarteko zuzenbidearen aurka egitea" baita. AEBek, berriz, ez dute uste Mediterraneoko egoera nazioarteko segurtasunerako eta bakerako arriskua izan daitekenik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Batasun europarra Albisteak migrazioa gaur Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Mediterraneo itsasoa