Mundua -
Meatzarien protestak
Peruk larrialdi egoera ezarri du Islay probintzian
Tia Mariako meatzaritza proiektuaren kontrako protestetan lau pertsona hil eta ehunka zauritu dira, eta horren harira hartu du erabakia Peruko Gobernuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Peruko Gobernuak larrialdi egoera ezarri du Islay probintzian, atzo Tia Mariako meatzaritza proiektuaren kontrako istiluetan pertsona bat hil eta beste bost lagun zauritu ondoren.
Pedro Cateriano Ministro Kontseiluko presidenteak prentsaurrean iragarri du Gobernuak larrialdi egoera ezarri duela 60 egunez Islay probintziako barruti guztietan, "Konstituzioak ezartzen duen salbuespen erregimenaren arabera".
Gaurtik aurrera polizia nazionala eta Armada arduratuko dira Islay probintzian ordena publikoa ezartzeaz eta hainbat askatasun bertan behera gelditu dira; besteak beste, bizilekuaren bortxaezintasuna, igarotze askatasuna eta biltzeko askatasuna.
Orain arte, lau lagun hil eta ehunka pertsona zauritu dira Tia Mariako meatzaritza proiektuaren kontrako istiluetan. Inguruko zibilak eta nekazariak proiektuaren aurka agertu dira meategiak ingurunea kutsatu dezakeela argudiatuta.
Martxoaren 23an hasi ziren Tia Maria proiektuaren kontrako protestak eta, Southern Copper enpresak behin-behinean proiektua geldiaraztea erabaki badu ere, herritarrek mobilizazioak egiten eta errepideak blokeatzen jarraitzen dute.
Jose Luis Perez Guadalupe Barne ministroak prentsaurreko berean adierazi duenez, 400 manifestari errepidea blokeatzen saiatu dira Pampa Blanca zubiaren parean eta bertan polizien eta manifestarien artean izandako istiluetan pertsona bat hil eta bost lagun zauritu dira.
Bestalde, Caterianok nabarmendu du Gobernuak bere esku zegoen guztia egin duela arazoa elkarrizketaren bidez konpontzeko, eta hasieratik gaitzetsi duela indarkeriaren erabilera. "Enpresak eten bat eskaini du tarte horretan proiektuari lotutako gaiak azaltzeko eta eztabaidatzeko, hala eta guztiz ere, indarkeria ekintzak egiten jarraitu dute", adierazi du lehen ministroak.