Mundua -

IMMIGRAZIOA

68 pertsona atzeman dituzte Erresuma Batuan kamioietan ezkutatuta

Bertako Barne Ministerioaren arabera, paperik gabeko etorkinak dira guztiak. Lau kamioiren edukiontzietan zeuden ezkutatuta, Harwicheko portuan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Paperik gabeko 68 etorkin, 53 heldu eta 15 adingabe, lau kamioitan ezkutatuta aurkitu ditu Erresuma Batuko Poliziak, Harwicheko portuan, Ingalaterra hego-ekialdean. Horietatik zazpi Colchesterreko erietxera eraman behar izan dituzte.

Bertako Barne Ministerioak zabaldutako datuen arabera, 4 pertsona atxilotu dituzte, legez kanpoko immigrazioarekin lotuta. Herbehereetatik Erresuma Baturako bidea egiten ari ziren, ibilgailu ezberdinetan, atxilotu dituztenean.

Kamioien barruan aurkitu dituztenen artean, afganiarrak, txinatarrak, errusiarrak eta vietnamdarrak daude. Osasun zerbitzuetako langileek esan dutenez, erietxera eraman dituztenek bularreko eta sabelaldeko mina zuten, eta zorabio zantzuak zituzten batzuek.

Gainerako guztiak, Erresuma Batuko Mugen Kontrolerako Agentziaren esku daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea