Mundua -
Grezia
Hartzekodunen proposamenak 'zentzugabeak' dira, Tsiprasen hitzetan
Edonola ere, Greziako Parlamentuaren aurrean, lehen ministroak adierazi du ''inoiz baino gertuago'' dagoela akordioa lortzeko aukera.
Agentziak | Erredakzioa
Laguntza ekonomikoa desblokeatzeko hartzekodunek egindako proposamenak ''zentzugabeak'' eta onartezinak dira, Alexis Tsipras Greziako lehen ministroaren hitzetan. Edonola ere, Tsiprasek esan du ''inoiz baino gertuago'' dagoela akordioa lortzeko aukera.
"Hartzekodunek igorritako proposamenak ez dira errealistak (…) Greziako Gobernuak ezin die baiezkoa eman’’, adierazi du Parlamentuan egindako agerraldian.
Hala ere, Greziako lehen ministroak uste du akordioa lortzeko aukera ''gertu''dagoela, Atenasek proposamen errealistak aurkeztu zituelako, eta bertan hartzekodunen beharrak biltzen zirelako.
Izan ere, Tsiprasek berretsi egin du bere Gobernuak ''irtenbide orokor'' bat nahi duela, zorraren arazoa ere konponduko lukeena, eta, horretarako, Atenasek egindako proposamena ''oinarri errealista'' dela defendatu du.
Hala, negoziatzen jarraitzeko asmoa agertu du Greziako Parlamentuaren aurrean, eta, horretarako, oposizioaren babesa eskatu du.