Mundua -
Egipto
Hamas talde terroristatzat jo zuen epaia baliogabetu du auzitegi batek
Mugimendu islamista horren aurkako lehen epaiaren arabera, Hamasek "hainbat atentatu egin zituen Egipton". Hamasek Gazako Zerrendan gobernatzen du 2006az geroztik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kairoko auzitegi batek Hamas mugimendu palestinarraren aurkako ebazpena baliogabetu du, iturri judizialek jakinarazi dutenez. Epai horrek Hamas talde terroristatzat jo zuen.
Egiptoko Estatu-Abokatuak aurkeztutako helegitea onartu du Premiazko Auzietarako Gorteak. Hamasen aurkako epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuen Estatuko Abokatu horrek, auzitegi hura eskuduna ez zela argudiatuta.
Mugimendu islamista horren aurkako lehen epaiaren arabera, Hamasek "hainbat atentatu egin zituen Egipton", eta laguntza eskaini zien Sinaiko penintsulan egondako talde terrorista aktiboei. Hamasek Gazako Zerrendan gobernatzen du 2006az geroztik.
Hamasen aurkako salaketa aurkeztu zuen abokatuak, gainera, beste eraso batzuk egotzi zizkion Hamasi, esaterako, Hosni Mubaraken aurkako iraultzan manifestarien kontra su-armekin egindako erasoak, 2011an Kairon, alegia.
Estatuko Auzien Agintaritzak martxoan aurkeztutako helegitearen harira, kasu horiek ebazteko gortea Terrorismoaren Aurkako Auzitegia dela ondorioztatu dute, eta ez Premiazko Auzietarako Auzitegia.
'Estatu-kolpea'
Hamasek Egiptoko epai hori salatu izan zuen, eta "historiaren aurkako Estatu-kolpetzat" jo zuen, "Israelgo okupazioa laguntzat jo zuelako, eta Palestina, berriz, Egiptoko etsaitzat".
Epai hori atera eta hilabetera, Izadin Al Qasam Hamaseko talde armatua ere terroristatzat jo zuen Premiazko Auzietarako Auzitegiak.
2014ko martxoaren 4ean gorte horrek Hamaseko ekintzak debekatu zituen Egipton eta, horren ondorioz, Hamaseko bulegoak itxi eta haren ondasunak atzeman zituzten.
Egiptoren eta Hamasen arteko harremanek okerrera egin zuten 2013ko uztailaren 3an izandako Estatu-kolpeaz geroztik. Mohamed Mursi Egiptoko presidentea eta Anai Musulmamen kidea gobernutik bota zuen altxamendu horrek. Anai Musulmanak eta Hamas historikoki oso gertu egon dira betidanik.
Egiptok bitartekaritza lanak egin izan ditu Israelen eta Hamasen artean, trukaketak egiteko edo su-etenak erabakitzeko, eta lan bera egiten du baita mugimendu islamistaren eta Palestinako Agintaritza Nazionalaren artean.