Mundua -

Afganistan

60 ikasle ospitaleratu dituzte Afganistanen, pozoituak izan direlakoan

Poliziak ikerketa abiatu du gertaturikoa argitzeko.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez, Afganistan erdialdeko ikastetxe bateko 60 ikasle ospitaleratu dituzte, ustez, pozoituak izan direlakoan. Antza denez, ikasleek zorabioak izan zituzten eta oka ere egin zuten. Dena den, oraindik ez dago argi ikasleen ondoeza zerk eragin duen.

Ustezko pozoitzea gaur goizean gertatu da Bamyan probintziako Panjab barrutian, Khudayar Qudsi eskualdeko Poliziako buruak baieztatu duenez. Halaber, zehaztu du ospitaleratutako ikasleak 17 eta 18 urte bitartekoak direla.

Polizia buruak azaldu du oraindik ez dutela gertaturikoa argitzeko ikerketa amaitu eta, beraz, ezin dela esan ikasleen zorabioak eta gonbitoak ustezko pozoitzearen ondorio direnik.

Duela bi aste beste 60 neskato pozoitu zituzten Afganistan iparraldean "usain sendoa zuen hauts zuri" batekin eta talibanei egotzi zioten erasoa.

Pozoitze kasuak oso ohikoak dira Afganistango emakumezkoen ikastetxeetan eta, orokorrean, gertaera misteriotsuak izan ohi dira.

Azken urteetan hainbat pozoitze kasu izan dira Afganistan eta horien artean nabarmenenak 2013an jazotakoak dira; izan ere, 230 ikasle inguru pozoitu zituzten.

Hainbat adituk talibanei leporatzen dizkiete pozoitzeak, baina errebeldeen bozeramaileek guztia ukatu dute eta adierazi dute Afganistanen gobernu berria osatzen dutenean emakumezkoen eskolaratzea baimenduko dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea